- Verter Recycling enpresa otsailaren 7an Zaldibarko zabortegiaren ikuskapen teknikoaz arduratzen den ingeniari taldearekin biltzeko prest zegoen, pitzadurei buruzko azterketa topografikoaren emaitzak balora-tzeko. Bilera horren asmoa argia zen: neurriak hartzea eta Eusko Jaurlaritzari egoerari buruz informatzeko diagnostiko argi bat izatea. Alabaina, egun bat lehenago, otsailaren 6an, "ezusteko luizia" gertatu zen.
Zabortegiko enpresa kudeatzailetik azpimarratu dutenez, txosten topografikoan parte hartu zuten teknikariek "ezohiko egoera" bat identifikatu zuten. Hori gertatzen ari bazen ere, ez zuten aurreikusten "zabortegia berehala erortzeko zantzurik", azkenean bi langile lurperatuta geratu ziren arte.
"Verterek ez zigun lanak berehala geldiaraztea aholkatzen zuen edota pitzadurak kolapsatzeko arriskua zutela azaltzen zuen txosten topografikorik bidali. Enpresak dio azterketa topografikoa begiratuko zuela zabortegia erori zenean", adierazi zuen astelehenean Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak. Horrekin bat, horren inguruko zerbaiten berri izan balu bere saila egoera konpontzeko berehala lanean hasiko zela ziurtatu zuen Morenok, baina hori ez zen gertatu, "informazio hori helarazi behar zigutenak ez zutelako ezer jakinarazi".
Dena den, Verter enpresatik jaknarazi dutenez, haen ustez "arduraz" jokatu zuten "zorigaiztoko istripua" gertatu aurretik, pitzadurak otsailaren 3an aurkitu zituztelako. "Eskura zegoen informazio onenetik abiatuta, segurtasun-irizpideei jarraituz erabakiak hartzen ahalegindu ginen, teknikarien txosten eta gomendioei jarraituz. Horiek ikusita, luizia ezin zitekeen aurreikusi, teknikari bakar batek ere ez zuelako ohartarazi hori gertatzeko arriskurik zegoenik".
Ildo horretatik, enpresaren aburuz, pitzadurak agertzea "ez da aparteko zerbait" zabortegi batean, eta, "ez du zertan harreman zuzena izan behar luizi bat gertatzearekin, are gehiago zabortegi batean, non isurketa-masa etengabe sendotzen ari den". Gauzak horrela, pitzaduren berri izan eta berehala, azterketa bat enkargatu zioten topografia-enpresari eta Geyserri, zabortegiaren gaibegiratze teknikoaz arduratzen den ingeniari taldea. "Azterketa 4an egin zen, 5ean arratsaldean jaso ziren emaitzak, eta 6an, Geysrrek emaitzen irakurketa egin ondoren, enpresarekin jarri zen harremanetan. Beraz, horrekin bat eginez, 7an bilera bat deitzea erabaki genuen", azaleratu dute Verter-etik.
Gertatu ez zen bilera horren bidez, hasieran aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzari diagonostiko argia eman nahi zitzaion, Ingurumen Baimen Integratuak eskatzen duenarekin bat etorriz. Izan ere, baimen horrek ezohiko egoeren aurrean informazio emateko beharra ezartzen du, egoerari buruzko diagonostiko egokiarekin eta hartuko beharreko neurriren proposamenarekin. "Txostena tokian bertan aztertu behar zen, eta luiziari buruzko ohartarazpen bat egon izan balitz, bilera hori ez zen deituko egun horretan eta toki horretan, logikoa denez", gogoratu dute.