gasteiz - Unibertsitateko tasak izoztuta mantenduko dira 2020-2021 ikasturteari begira, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak atzo iragarri zuenez. “Euskadin tasak izoztuta daude 2014-2015 ikasturtetik, eta, horri esker, prezio publikoa Estatuko baxuenen artean finkatu ahal izan da EAEn”, justifikatu zuen Uriartek.
Hezkuntza sailburuak Unibertsitate Politikari buruzko Konferentzia Sektorialean hartu zuen parte atzo Madrilen. Bertan, Manuel Castells Unibertsitate ministro berriarekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta bere harridura helarazi zion, autonomia-erkidegoekin elkarrizketa sustatzeko borondaterik erakutsi ez izanagatik.
Bilkuran zehar, Uriarte sailburuak euskal unibertsitate-ekosistemaren garrantzia azpimarratu zuen, espezializazio handiko prestakuntzan, ezagutzaren sorreran eta transferentzian; azken hauek, Euskadiren etorkizunerako helburu estrategikoak dira hain zuzen ere. “Beharrezkoa da unibertsitate-hezkuntzaren aldeko estrategia indartzea, bikaintasunaren, espezializazioaren, nazioartekotzearen eta lankidetzaren aldeko apustu irmoa eginez. Horiek baitira unibertsitate-hezkuntzaren euskal ereduaren arrakastaren gakoak”, helarazi zuen Uriartek.
Beka sistemari dagokionez, laguntzak, haren onuradun diren ia 12.000 pertsonei murriztu egin zaiela aurpegiratu zion Uriartek Castellsi, era berean, Estatuko beka-sustema hobetzeko bidean euskal beka sistema erreferentzia izan beharko litzatekeela aldarrikatuz. Azkenik, prestakuntza dualaren esparruan, erregulazio integrala lortzeko beharra ezinbestekotzat jo zuen sailburuak.