tutera - Nafarroa Oinez ospatuko da Tuteran igande honetan Izan Argi lelopean. Nafarroako ikastolen bestak ikastola modeloa indartzea eta Erriberan euskararen normalizazioa aldarrikatzea bilatzen duela azaldu zuen Argiñe Korta Argia Ikastolako zuzendariak. Argia Ikastola bera izango da laugarren aldiz (1995, 2002 eta 2013, aurrekoak) jaialdiaren anfitrioia.

Jaialdiak 3.200 metro inguruko zirkuitua izango du, lau gunez osatuta:, Etorkizuna, Aniztasuna, Alaitasuna eta Argia. Horietan, egunean zehar askotariko jarduerak egongo dira: herri kirolak, pailazoak, magoak, haurrentzako tailerrak edota puzgarriak. Aiputakoekin batera, eta protagonista izan ohi den musika eskaintzatik harago, iaz bezala Erronka aktibitatea jarriko da martxan. Proba honetan, 11 ikastolatako 13 eta 16 urte bitarteko ikasleek parte hartuko dute. Honen atzeko jomuga, jarduera fisikoaren bidez gazteei beste aisialdi eredu bat eskaintzea eta ikastolen artean harremanak sustatzea da.

Ibilbide hori prestatzerako orduan, panelak eta jarraibideen seinaleak jartzearekin batera, behar bereziak dituzten pertsonen beharrak tratatu dira. Gainera, eskaintza gastronomikoaren barruan, zeliakoentzat zein beganoentzat zuzendutako menuak prestatu dituzte. Gauzak horrela, ager daitezkeen traba guztiei aurre egiteko prest dute. Izan ere, 1500 boluntario ibiliko dira lanean.

Barrutirako sarbidea errazteko, hurrengo plana ezarri da: Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldetik irteten diren auto eta autobusentzat sarbidea AP-15etik izanen da, eta seigarren irteeran elkartuko dira A-68arekin. Bizkaitik eta Arabatik abiatzen direnak AP-68tik sartuko dira eta 18. irteeran hartuko dute A-68a. Tuteratik sarbidea errazteko autobus anezka bat prestatu dute, autobus geltokitik aterako dena. Argia Ikastolatik azaldutakoaren arabera, Trafiko-plana lurralde horietako bakoitzetik datozen ibilgailuek zirkuitura azkarrago eta errazago iristeko moduan pentsatuta dago. - U.Glez