“Euskaltzaindia egiten dute ez bakarrik gaurko euskaltzainek, baizik eta historian zehar izan direnek”. Premisa hori kontuan hartuz, Andres Urrutia euskaltzainburuak DNArekin Akademiaren historiatik zehar ibilbidea egiten du, hori baita igande honetan egunkariarekin batera zabalduko den komikiak islatzen duena. Baina, zeintzuk dira mende bat betetzen duen Akademiaren mugarriak? Euskaltzainburuak argi dauka: eraketa, gerra aurreko urteak; gerraostekoak, Arantzazuko bilera, eta azkenik, gaurkoa. Beraz, iraganetik, gaur egunera Euskararen Akademiak eta ondorioz, euskal gizarteak eta euskarak berak jasan duen eboluzioa aztergai izango da hurrengo lerroetan.

Data bat aukeratu beharko balitz Euskaltzaindiaren jaiotza finkatzeko, 1919ko urriaren 7a izango litzateke; egun hartan egin baitzuten lehendabiziko osoko bilkura, Donostian. Momentu hartan Akademia osatzeko hautatutako kideak han bildu ziren, bilera hartatik aurrera Eusko Ikaskuntzaren alaba izateari utzi eta guztiz beregain bihurtu zen Euskararen Akademia; hortaz momentu horretan “izaera bat edukitzen hasi zen”. Hori izan zen Akademiaren lehenengo hazia loratzen hasi zen momentua. Hala ere, Akademiak oraindik ez zuen bere izena, hilabete ba- tzuk geroago, 1920ko urtarrilaren 7 eta 8an egindako bileretan erabaki baitzen euskararen “zaintzaile” izango zenaren izena; Euskaltzaindia, eta bere kideak, euskaltzain. Gainera, EKIN ETA YARAI leloa bere egin zuten ere; gaur egun oraindik, akademiaren jardunaren ardatz dena.

Baina Akademiaren jardunak helbururik gabe ez du zentzurik; horregatik Andres Urrutia euskaltzainburuak DNAri azaltzen dionez, “Euskaltzaindia sortu zenetik bi atal izan zituen Akademiak, ez bakarrik euskararen filologia, baizik eta euskararen erabilera soziala; iker eta jagon”. Zergatik? Oso kezkatuta zeudelako orduko euskaltzainak, “puntu puntuan egon ziren bi Euskaltzaindia sortzeko”, bata filologia lantzeko eta beste bat berriz, erabilera soziala lantzeko. Hori 1918-1919 urte bitartean izan zen. Horrenbestez, lehen urteak, Urrutiak azaltzen duen bezala, ez ziren errazak izan, Primo de Riveraren garaiko diktadura eta bigarren errepublikaren garaia izan baitzen. Helburu nagusia euskararen batasuna izan zen, eta horren gailurra, Urrutiaren arabera, “1935. urtean Azkuek argitaratu zuen Gipuzkera osotua” izan zen. Zoritxarrez, euskaltzainburuak azaltzen duenez, gerrak birrindu eta ezabatu zuena.

Baina garai latzena heltzeke zegoen oraindik; Urrutiaren hitzetan, Euskaltzaindiaren hirugarren mugarria izango litzatekeena. Gerra eta gerraondoko urteak. Zein izan zen euskararen eta ondorioz Akademiaren egoera Bilbo 1937an Frankoren eskuetan jausten denetik 1956.urtera? “Euskaltzaindiaren urterik latzenak” izan ziren, Euskaltzaindia debekatua izan ez zen arren, euskararen mesederako ekimen publikoak egitea debekatu baitzen garai horretan; eta saioak egin behar izan ziren euskaltzain izendatzeko, asko erbestean zeudelako.

Sorreratik Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuaren gidaritzapean zegoen Akademia, 1951an umezurtz geratu zen; Azkue hil egin baitzen. Hala, bost urte geroago, 1956an inflexio puntua izan zen; Euskaltzaindiak etapa luze baten ondoren, kongresu publiko bat antolatzeko baimena eskuratu baitzuen. Hortik aurrera, Urrutiaren esanetan, gauzak bestearen atzetik etorri ziren.

Baina zer izango litzateke Euskaltzaindia euskara baturik gabe? Sorreratik helburua zen hori lortu gabe zebilen euskararen Akademia oraindik 60ko hamarkadan; horregatik, Gabriel Arestik akademiaren jomuga gogorarazi zuen. “1968an Arantzazuko kongresua antolatzen da, Arestiren eskabidez. Izan ere esan zuen; 50 urte betetzera goaz eta ez dugu ezer egingo euskararen batasunaren alde? Eta hala egin zen. Euskara batu egin zen, eta polemika izugarria sortu zen, batua bai, batua ez, h bai, h ez?baina h-arena sinbolo bat besterik ez zen Urrutiaren esanetan. “Arrazoi sinple batengatik; bazegoelako belaunaldi bat gerraren birrintzea sufritu zuena eta euskalgintza klasikoaren aldetik euskalkietan lan egiten zuen. Eta bazegoen beste belaunaldi bat asko gazteagoa, ulertzen zuena edo euskara batu egiten zen batez ere ortografian eta maila jasoan edo bestela euskara hil egingo zen”. Bide horretatik joanez, euskara batu hori da berebiziko tresna erabilera sozialari laguntzeko. “Horrek ez du esan nahi, eta Euskaltzaindiak ez du sekula santan esan, euskalkiak birrindu egin behar direnik; ez, horrek esan nahi du bakoitzak bere bidetik eta berak gertukoen duen hizkeratik abiatuta, guztion artean behar dugula hizkuntza komunikaziorako hizkuntza, tresna; hori da euskara batua”.

Gaur egun digitalizazioa, nazioartekoratzea eta baita profezionalizazioa ere Euskaltzaindiarentzat erronka handiak dira. Izan ere, Urrutiaren arabera, “gero eta profesional gehiago izan behar ditugu, eta gaur ditugun kudeatzeko tresnak erabili behar ditugu”. Gizarteratze lanaz ahaztu gabe, hori baita ardatza, euskaltzainburuaren aburuz, “hori egiten ez badugu, jendeak pentsatuko du Euskaltzaindia badela urrezko leku batean bizi dena, baina errealitatearen inolako lotura ez duena”. Eta hori ez da, hain zuzen ere aurkeztu duten komikian esaten dena, (igandean Noticias Taldeko egunkari guztiekin 9,5 euroko prezioan zabalduko dena) “euskararen ehun urteko laguna” deitzen baita. “Euskaltzaindia herraminta bat da, lagun bat euskara aurrera ateratzeko. Euskara Akademiaren gainetik dago, euskara gizartean dago, euskaldunon artean egiten dugu. Euskaltzaindia hori indartzeko tresna da”. “Euskaren parlamentua esaten den honetan batzen garenok euskararen herrialde guztietako ordezkariak gara, Zuberoakoak, Lapurdikoak, Goi Nafarroakoak, Gipuzkoakoak... zertan ari gara? batasuna sustatzen”. Baina batasuna ez inposaketarik bidez, dio Urrutiak, “batasuna adostasunaren bidez”. Izan ere, euskaltzainburuaren arabera, “bakoitzak bere lurraldean euskararen alde egiten dituen horiek sustatu egin behar dira, Euskal Herri osoa hartu dugu beti, guztiok euskararen mesederako eta defentsarako lan egiten dugulako”. Eta Akademiaren historia laburbiltzen du horrek.

“Euskaltzaindia egiten dute ez bakarrik gaurko euskaltzainek, baizik eta historian zehar izan direnek. Euskaltzain oso, emeritu, urgazle, ohorezko, hemengo langileak? guztion artean egin dugu historia eta baita euskal gizarteak ere”, Urrutiaren arabera. Etengabeko prozesuan dihardu Akademia, hiztegia eta gramatika aberasten, paisaia linguistikoa atontzen... Gizartearen premiak ere aldatu dira Urrutiaren aburuz, “orain dela 100 urte pentsaezina zen komiki baten bidez islatzea, edo beste lenguaia bat erabiltzea”. Gainera, 100 urteetan bildu den jakituria jendeak balia dezan eskaintzen dute. “Orain dela 10 urte pentsaezina zen flipatu, friki edo bokata agertuko zenik hiztegian, hori euskara bizirik dagoelako gertatzen da”. Hiztegia dago interneten, adierak eta adibideak; corpusak... “Azkuek garaian zituen baliabideekin egiten zuen lan, eta guk orain ditugunekin egiten dugu; hori da gure erronka”, azpimarratzen du Urrutiak; eta horretan aritzen dira lanean Andoni Sagarna, Ane Loidi, Ainhoa Otamendi, Elizabet Krutzeta eta Miriam Urkia, hiztegiko lantaldea edota Amaia Jauregizar eta Xarles Videgain, Atlaseko lantaldea besteak beste; gaur, Euskaltzaindia etorkizunerantz bideratzen duten profesionalak hain zuzen ere.