Donostia - Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren %21ek 65 urte baino gehiago ditu. Baina 15 urtetan, kopuru hori populazioaren %32 izango da, eta, epe horretan bertan, populazioaren erdiak baino gehiagok gaindituko ditu 55 urteak. Datu hauek izugarrizko erronkak planteatuko dituzte etorkizunera begira, eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak adineko pertsonen parte-hartze handiagoa sustatzea du helburu, gobernantza hobetzeko alderdi publikoaren kudeaketa-modu berrietan. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuak atzo Donostian esan zuenez, “gure helburua da adineko pertsonen parte-hartzen handiagoa eta hobea sustatzea, eta parte-hartzea ekarpen gisa eta erantzukidetasun gisa ulertzea; gure gobernantza-eredua hobetzeko funtsezko alderdia den aldetik”. Gipuzkoako hiriburuko Udaletxean bildu ziren adinekoen eta zaintzaileen zenbait kolektiboetako ordezkaieri hau adierazi zien: “Garrantzia handikoa da zuen parte-hartzea, zuen esperientzia lagungarria izango baitzaigu erabaki hobeak hartzeko”.

Esaterako, kolektibo interesdunak entzun ostean, atzo bildutako ondorioak baliagarriak izango dira Eusko Jaurlaritzak datorren urtean idatziko duen Zaintzaile Ezprofesionalen Euskal Estrategia prestatzeko prozesuan. “Gure helburua da zaintzaileen eta zaintza behar duten guztien bizi-kalitatea hobe-tzea”, aitortu zuen Artolazabalek.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Gaietako Sailak, gainerako erakundeekin elkarlanean, sustatutako Agenda Nagusi ekimena, berez, adineko pertsonekiko partaidetza publiko eta sozialeko eredu bat da. “Euskal gizartearen ia % 60k uste du gure nagusiek gaur egun ez dutela merezitako aintzatespenik”. Hori dela eta, Agenda Nagusi ekimenaren jardun-printzipioetako bat da 65 urtetik gorako pertsonek betetzen duten garrantzi handiko zereginaren garrantzia nabarmentzea eta aitortzea da. “Garaiz gaude euskal gizartean bizi-itxaropenaren gehikuntza aldatzeko eta aukera bihurtzeko; ezin dugu esperientzia eta jakinduria hori alferrik galtzen utzi”, erantsi zuen sailburuak. - DNA