gasteiz - Obra publikoen materialen %40 balorizaziotik eta hondakinen birziklapenetik etorri beharko direla bermatu da Ingurumen Administrazioari buruzko Lege Proiektuan. Horrekin batera, “fiskalitate ekologikoa” planteatu da ingurumenaren babesarekin lotutako jarduerak jorratzeko jomugarekin. Izan ere, lortutako sarrerek aurrekontu-partida sor dezaketela ezartzen du proiektuak.

Atzo goizean onartu egin zuen Gobernu Kontseiluak Lege Proiektua, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren proposamenez. Hori bai, aipatutakoa ez zen izan onartutako bakarra, Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko Lege Proiektua ere onartu egin zelako. Ingurumen Administrazioari dagokionak, ingurumen-administrazioaren esku hartzeko prozedurak arautzen ditu, eta enpresek eta inpaktua eragiten duten arlo horretan izan beharreko baimenak ere arautzen ditu, ikuskatzeko eta zehatzeko prozedurekin batera. Prozedurak Ingurunet izapidetze elektronikoko sistema berriaren bidez gauzatu ahal izango dira.

Kontrolaren eta zehapenaren esparruan, pertsona fisiko edo juridikoak kontratatzeko debekua ezartzen da, baldin eta, ingurumen arloko arau-hausteak oso larriak edo larriak badira, ez badira neurri babesleak gauzatu edo zehapena ordaindu arte. Horretarako, arau-hausleen erregistro bat sortuko da, ebazpen irmo bat ematen duena, eta zehapenei publizitatea emango zaie. Gainera, Ingurumen sailburuak berritasun bat azaldu zuen: “Ordezko ingurumen-prestazioaren figura egongo da, hau da, isunak jarri ordez, ingurumenaren mesedetan eragina duten zaharberritze, kontserbatze edo hobekuntza ekintzak ezarriko dira”.

Bestalde, Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko Lege Proiektuak, natura babesteko egungo legea ordezkatzeko prestatuak, naturaren kontserbazioaren arloko eskumenen banaketa eta gobernantza berrikusten ditu, administrazio publikoen jarduna arautzen du eta horien arteko lankidetza-mekanismoak ezartzen ditu. Zentzu honetan, natura-ondarea ezagutzeko, planifikatzeko eta babesteko tresna orokorrak garatzen ditu, eta gai horri buruzko informazio guztia Euskadiko Natura Informatzeko Sisteman iraultzearen beharra jasotzen du. Hurrengo zortzi urteetan jarraitu beharreko euskal estrategia ere ezartzen du. Azkenik, nazioarteko irizpideekin berrikusten ditu babestutako natura-guneak, Estatuko erregulaziokoak, autonomikoak, Natura 2000 Sarean sartzen direnak eta nazioarteko erakundeen mende daudenak bereiziz.

Bi lege-proiektu. Ingurumen Administrazioari eta Natura Ondarearen kontserbazioari buruzko Lege Proiektuak onartu egin ditu Gobernu Kontseiluak. Lehenak, ingurumen-administrazioaren esku hartzeko prozedurak arautzen ditu, ikuskatzeko eta zehatzeko prozedurekin batera. Bigarrenak, naturaren kontserbazioaren arloko eskumenen banaketa eta gobernantza berrikusten ditu, administrazio publikoen jarduna arautzen du eta horien arteko lankidetza-mekanismoak ezartzen ditu.