Bilbo - Elebidunen eta elebakarren arteko bereizketa egiten duten hizkuntza ereduak gainditzeko premia aldarrikatu zuten atzo hezkun-tza arloko eragileek, D ereduak euskararen ezagutza bermatzen ez duela argudiatuz. Bat egin zuten irakurketa horrekin Koldo Tellituk, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta Lurdes Imazek, EHIGEko koordinatzaileak, Euskaltzaindiak eta Sabino Aranak atzo Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak izenpean antolatutako mintegian. Zentzu horretan, denpora labur batean atzerritik datozen ikasleak hezkuntza sistemaren %20ra helduko direla aurreikusiz, murgiltze ereduaren aldeko apustua erakutsi zuten eta berau martxan jartzeko baliabideak eskatu zituzten. “Neurriak hartu ezean 20 edo 30 urte atzera egin dezake euskalduntze prozesuak”, ohartarazi zuen Tellituk.
Goiz guztian zehar ospatu zen jardunaldia Euskarak aurrera egiten jarraitzeko gogoeta eragileen eskutik mahai-inguruarekin bukatu zen. Testuinguru horretan aipatu zuen ikastolen arduradunak bi faktore oso arriskutsu daudela hezkuntzan euskalduntze prosezuak aurrera egin dezan. “Kezkagarria da zeharo kanpo ebaluazioaren emaitzek erakusten diguten argazkia”, adierazi zuen, gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak gutxieneko euskara maila ziurtatzen ez duela esanez. “LH bukatzarakoan gutxienez B1 izango beharko lukete, eta, DBH bukatzerakoan, B2. Helburu honek lortzeko beharrezkoa da neurriak hartzea”, iritzi zuen Tellituk, zeinek ikasteredu orokor baten beharra agerrarazi zuen. Horretarako, batetik, derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleen euskara maila zein den jakiteko ebaluazio zentro baten alde agertu zen, eta, bestetik, ikastetxeetako hizkuntz proiektuei zentralitatea eman behar zaiela eskatu zuen.
Gainera, ikasle atzerritarren -edo guraso atzerritarrak dituzten ikasleen- presentzia gero eta handiagoa dela azaldu zuen. “Aurreko kurtsoan 4.250 haur izan ziren eta kurtso honetan 8.000 izango dira. Aurrikuspenak betetzen badira, datorren urtean 12.000 edo 13.000 izango dira. Epe motzean gure hezkuntza sistemaren %20a izango dira”. Tellituren esanetan, kanpotik datozen familiak hizkuntza hegemonikora jotzen dute, eta, kasu askotan, batez ere Araban, eskola batzordeak A edo B ereduetara bideratzen dituzte ikasleak. “Gizarte-segregazio arriskua dago, baina baita hizkuntza-segregazio arriskua”, adierazi zuen. Hori dela eta, atzerritik datozen ikasleei arreta egokia emateko hizkuntzaren kontuan derrigorrezko eskolatzea beranduago hastea ezinbestekoa dela iritzi zuen. Zentzu horretan, euskaltegiekin plan bat aurrera eramaten ari direla agertu zuen.
Pertzepzio antzekoa erakutsi zuen Lurdes Imazek hezkuntza publikoari dagokionez. “Gure gelak gero eta anitzagoak dira, geur egun hezkun-tza sisteman ikasleen %15a kanpokoa da”, esan zuen EHIGEko koordinatzaileak. “Hezkuntza sistemaren diagnostikoan adin-egokitasunak -dagokion mailan dagoen ala ez- eta jatorriak balditzatzen du ikasleen konpetentzia bi hizkuntzetan”, gaineratu zuen. Zentzu horretan, A ereduan ikasten duten ikasleek maila baxuagoa dutela agertu zuen. Indize horrek, gainera, ikasleen egoera sozioekonomikoa ere neurtzen du. “Sare publikoan A eredua ghetto bat da ikasle horiek emaitza txarragoak lortzen dituztelako. Hezkuntza lotura handia dago ikasleen egoera sozioekonomikoa eta emaitzen artean, baita elebitasun mailarekin. Zein aukera izango dute ikasle horiek hezkuntza bukatzen dutenean?”, galdetu zuen. Aniztasuna gero eta gehiago zabalduko dela aurreikusita, Imaz hizkuntza ereduak desagerraraztearen alde agertu zen. “Ezin dugu egin gizarte bat lehen mailako eta bigarren mailako ikasleekin”, azaldu zuen.
E’kosistema Derrigorrezko hezkun-tzaren arloko eragileez gain, euskararen ekosistemako beste eragile ba-tzuek ere parte hartu zuten mahai-inguruan. Mertxe Mujika, AEK-ko koordinatzaile nagusiaren esanetan, beraien kasuan erronka nagusia metodologian datza. “Ahozkotasunari ematen dioguna baino garrantzia gehiago eman behar diogu”, adierazi zuen; izan ere, zerotik abiatzen diren ikasleek dituzten beharrizanak ez dira behar bezala betetzen, batez ere A1 eta A2 mailetan. “Euskaltegietatik haratago joan behar dugu, ikastaro ezberdinak sortuz eta baliabideak bideratuz”, esan zuen.
Aurten ehun urte betetzen dituen Euskaltzaindiaren izenean, Sagrario Aleman euskaltzainak akademiak bere jatorrian izan zuen eginkizuna gogorarazi zuen: Iker eta jagon. “Gaur egun bizirik jarritzen du”, adierazi zuen, euskararen estandarizazioan Euskaltzaindiak izan duen garrantzia aipatu baino lehen. Alemanen esanetan, ikerketak pisu handia hartu badu ere, euskararen zaintza areagotu egin da 2010 urteaz geroztik: “Akademiak ezin du eragileek egiten duten lana markatu, baina edozein talderekin elkarlanean aritzeko prest dago”.
Beste ikuspuntu erabat ezberdina eman zuen Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendariak. Bere esanetan, “euskararen etorkizunaz hitz egitean ingurune digitala gakoetako bat da”. Hori dela eta, euskarazko edukiak kontsumitzerako orduan eskaintza eta eskaria berdindu egin behar direla aipatu zuen. “Android mugikorrek sistema euskaraz jartzeko aukera ematen dute, baina bakarrik %3ak dauka euskaraz”, jarri zuen adibide gisa. “Kontzientziazioa eragitea da lehentasunetako bat”, gaineratu zuen.
Komunikabideei dagokienez, Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusiak “lankidetza nahi baino gutxiago” dutela adierazi zuen. “Tokikoen artean asko hobetu da, ez dugu lehiatzen elkarrekin. Denominazio komun minimoa eskualdea da. Behetik gora eraiki behar da”, erantsi zuen Mikel Irizar euskalgileak gidatutako mahai-inguruan.