Xabierko gazteluan bizi zen Jatsu familiako seme dontsuari, hala ere, euskarak ez zion balio izan Indietan misiolari ibiltzeko; bai, ordea, bere ama eta senideekin hitz egiteko. XVI. mende hartan Getarian jaiotako Juan Sebastian Elkanori ere ez zion balio izan mundu-bira amaitutakoan bere balentriaren berri erregeari idazteko, baina bai,agian,bere azken bidaian, ozeanoaren erdian hilzorian zegoela, Urdaneta ordiziarrarekin bere azken borondateak komentatzeko. 1545ean euskarazko lehen liburua idatzi zuen Etxeparek ere euskara erabili zuen baskoei lehen aldiz zer irakurria emateko. Eta mende hartan bertan, Azpeitian jaiotako Antxieta eskulturagile handiak edo deitura bereko Antxieta abade eta musikagile azpeitiar ospetsuak ere etxekoekin eta ezagunekin hitz egiteko erabiliko zuten euskara, baina ez lan-enkarguak egiten zizkieten Gaztelako jauntxo eta erregeekin komunikatzeko.

Koldo Mitxelena hizkuntzalari handiak esan zuen bezala, euskararen miraria ez da bere jatorria, gure egunetara bizirik iritsi izana baino. Munduak eman dituen hizkuntzalari nagusi guztiak txundituta eduki ditu beti gure hizkuntzaren jatorri ezezagunak, eta museoko bitrina eta laborategietan dauden espezie ikusgarri horietako bati bezala begiratzen zioten, munduko hizkuntza-familia ezberdinekin konparatzen zutelarik, Europako ekialdetik Afrikako iparraldera ahaideren bat non aurkituko.Mitxelena handiak ere bazuen, hizkuntzalari bezala, jakin-min hori, baina beste paradigma batera eraman zuen kontua, eta galdera egin zion munduari: nola da posible euskara gure egunetara iritsi izana?

Hala da, eta zer pentsatua ematen du galderak. Nola liteke legerik eta forurik idatzita eduki ez duen hizkuntzakbizirik irautea?Eta erantzun posible bakarra du galderak: euskara ezagutzen zuten gizon-emakumeengan bizi izan delako. Alegia, hizkuntza bizia izan delako eta ehunka eta ehunka urtetan zehar, gizaldiz gizaldi, euskaldunek buruan, bihotzean eta ezpainetan bizi izan dutelako; eta belaunaldiz belaunaldi, gurasoengandik jasotako hizkuntza seme-alabei pasa dietelako. Eta bertakoek bertakoekin komunikatzeko erabili izan dutelako. Esaldi batean esanda, komunikazio tresna bizia eta eraginkorra izan delako.

On da hori gogoratzea egunotan, 2018. urtea bere azkenetan sartua delarik,Euskaraldiari amaiera ematera goazenean. Eta egoki da argi edukitzea gure arteko harremanetan komunikatzeko gai den hizkuntza bizia den bitartean, gure buru, bihotz eta ezpainetan astintzen dugun bitartean, euskarak bizirik iraungo duela Euskal Herria osatzen dugun gizon-emakumeon artean.

Helburu hori izan du Euskaraldiak: euskararen erabilerari bultzada bat ematea, eta gure hizkuntza ohituretan euskararen erabilerari tarte eta indar handiagoa ematea.Hamaika egun iraun dituen ekimen indartsu honek aukera berriak eman dizkigu euskararen bitartez auzo, ezagun, lankide, adiskide, etxeko eta enparauekin gure harremanak zer hizkuntzetan gauzatzen diren aztertzeko, eta gutariko bakoitza ahalegin bat egitera bultzatu gaitu, eta euskara noiz, norekin eta zertarako erabiltzen dugun pentsarazi digu.

Era guztietako ondorioak atera ditugu gogoeta horretatik.Argi ikusi dugu ariketa honetan parte hartu dugun gehienok euskara gehiagotan eta pertsona gehiagorekin erabiltzeko aukera daukagula, eta batzuetan nahi izatea aski dela egunean zehar aurkitzen ditugun pertsona askorekin lehen hitza, eta bigarrena eta hurrengoak, euskaraz egiteko.

Argi erakutsi digu, baita ere, zein garrantzitsua den ahobizi batzuek izan ohi duten konpromisoa, haiei zor diegulako askotan elkarrizketa bat euskaraz hasi, jarraitu edo bukatzeko aukera.Beste askotan, aldiz, erakutsi digu nahi izatea ez dela aski, gaztelaniaz eta frantsesez hitz egiteko ohitura oso sustraituta daukagula eta asko kostako zaigula hizkuntza-ohiturak aldatzea.

Argi ikusi dugu, beste batzuetan, txapa eramateak zer ikusi handia izan lezakeela itxurakeriarekin edo, alderantziz, ez dagoela egun santu osoan txapa paparrean eraman beharrik euskara gehiago erabiltzeko. Ggogorarazidigu, halaber, gure gizartearen erdiak urruti duela euskara, eta muga bezala funtzionatzen duela gure kide askorekin komunikatzeko orduan. Eta haien adeitasuna eta atxikimendua zaindu eta elikatu beharko ditugula euskal hiztunok euskara erabiltzeko eta erabilera indartzeko aukera gehiago izan ditzagun, eta eman beharreko pausuak errazagoak izan daitezen.

Edozein kasutan, Euskaraldiakilusioa, hurbiltasuna, konplizitatea eta ahalegina egiteko borondatea ekarri ditu euskararen mundura. Gaur,220.000 arrazoi berri ditugu euskararen erabilerari bultzada indartsu bat emateko, zeren 220.000 izan baitira inork behartu gabe, beren borondatez, eta ahalegin txiki bat eginez, euskararen erabilerarekin duten konpromisoa adierazi nahi izan duten euskaldunak. Ez da gutxi.

Euskaraldiaren jatorrian diagnostiko bat eta kezka bat egon dira: euskararen ezagutzak gora egin du azken hamarkadetan, bai, baina euskararen erabilera ez da neurri berean igo, modu apalagoan baino. Erabilera handitzeko ahalegin horrek hainbat zailtasun ditu, eta ez ditugu hamaika egunetan gaindituko, baina, dudarik gabe,Euskaraldiak bide bat erakutsi digu.

Orain azterketaren eta ikerketaren aldia da. Hainbat datu batu eta bilduko dira, gure ohiturak zertan aldatu diren neurtuko dugu, eta dauzkagun gabeziak ikusaraziko ditugu. Ikerketa horrek oinarria emango digu ekimen berriak indarrean jartzeko eta lehendik begiz jota ditugun hainbat erabaki eta neurri indar berriz gauzatzeko.

Herri txikia gara eta hizkuntza txikia daukagula pentsatu ohi dugu, agian inguruan erraldoi diren hizkuntza biren erdian bizi garelako. Dena beharko dugu aurrera egiteko. Euskara bizia eta bizirik nahi dugu.Euskaraldiak aukera eman digu gure arteko sareak indartzeko eta bide-orri bat eskaini digu. 220.000 lagun horiek erakutsi diguten bezala, asko gara bide-orri betetzeko borondatea daukagun euskaldunok.