Zumarraga - Gipuzkoako ikastolen Kilometroak festa urte osoko ekimena izango da 2020tik aurrera. Urtean zehar hainbat jaialdi antolatuko dituzte eta urriko lehen igandeko festa urte osoko lanaren produktua izango da. Jaialdi hauen antolaketan ikastola ezberdinek parte hartuko dute eta helburuetako bat harrobi kulturala ezagutzera ematea da. Gizartea asko aldatu da lehen Kilometroak jaia antolatu zenetik. 1977an izan zen hori eta ordutik hona jaia aldatzen joan bada ere, Gipuzkoako ikastolek aldaketa sakonagoak egiteko beharra ikusi dute, antolatzen duten jaia gaurko garaietara erabat egokitu ahal izateko.
Helburu horrekin, Kilometroak Bidea deituriko hausnarketa prozesua hasi zen 2015eko irailean. Jaiaren bilakaera aztertu da eta egungo egoeraren analisi sakona egin dute. Kilometroak festaren eredu berria atzo aurkeztu zuten, Zumarragan. Izan ere, aurtengo Kilometroak Urretxu-Zumarraga ikastolak antolatuko du. 2020. urtetik aurrera Kilometroak festak hamar premisa beteko dituela esan zuten: ikastolen mugimenduaren misioa bete, Ikastolen Elkartea sendotu, ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu, parte-hartzea areagotu, naziotasuna indartu, xede ekonomiko errentagarria birkokatu, azken jaia urte osoko emaitza bihurtu, berritzaile eta garaikidea izan, jaiaren dimentsioa birkokatu eta ikasleak ahaldundu.
Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko da eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko du. Baina, horrez gain, urtean zehar beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa. Horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan. Gaur egun, dagoeneko, Kilometroak ez da urriko lehen igandean ospatzen den jaia soilik. Urte osoko ekimen eta lanak daude: arropa salmenta, Gure Zozketako txartelen salmenta? Ideia horretan gehiago sakonduko da 2020. urtetik aurrera. Ikasleak ahalduntzeko eta haien parte hartzea bultzatzeko bidean ere aurrerapauso batzuk eman dira azken urte hauetan Erronka ekimenarekin. Ikasle taldeak urte osoan hainbat gaitan lehiatzen dira eta horrek euren arteko harremanak sendotzen laguntzen die, Kilometroak jaian modu aktiboan parte hartzera bultzatuz.
Etorkizunean parte hartzea ere handitu nahi da. Gaur egun, kultura kontsumitzaile hutsak dira jaira gerturatzen direnak. Eredu berrian, berriz, ikasleak eta beraien familiak kultur ekimenen sortzaile izango dira. Ikastolek kultura harrobi izan nahi dute eta Kilometroak jaian urtean egindako sorkuntzei lekua egingo zaie. Naziotasuna indartzeari ere garrantzia eman nahi zaio. Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia da, baina ikastolek osatzen duten komunitateak herrialdea gainditzen du: Euskal Herri osoan hedatua dago. Hori dela eta, ikastolen aldeko jaietan nazio sentipena landuko dute. Aurrerantzean, beste lurraldeetako ikastolei eta hauek antolatzen dituzten jaiei ere laguntza eskainiko zaie harremanak sendotzeko eta elkarlanean hainbat egitasmo burutu ahal izateko.