BILBO. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Osakidetzaren 2016-2017 ekitaldiko lan eskaintza publikoan jasotako lanbide kategorien oinarri bereziak argitaratu ditu. Hautaketa probak maiatzean eta ekainean izango dira, eta izena emateko epea ostiral honetan ireki da.

Osakidetzak jakinarazi duenez, deitutako lanbide kategorien eskakizun eta zehaztapenei buruzko informazio guztia jaso da ostegun honetan argitaratutako oinarrietan, bai eta haietako bakoitzari dagokion gai zerrenda ere. Era berean, eskaintza publikoan jasotako gainerako kategorien hautaketa proben deialdia datorren astean argitaratuko da.

Horrela, ostiralean hasita, deialdi berrian parte hartu nahi duten pertsona guztiek hilabete izango dute izena emateko, www.osakidetza.eus web orriaren bidez. Bertan, hautapen prozesuan parte hartzeko eta hura garatzeko ezaugarri eta baldintzei buruzko informazio guztia aurki daiteke.

Lan eskaintza publiko berriak SATSE eta UGT sindikatuen eta Sendagileen Sindikatuaren babesa du, eta Osakidetzak orain arte izan duen "dimentsio handieneko eskaintza publikoetako bat da". Guztira, 3.335 plaza eskainiko dira, ia lanbide kategoria eta espezialitate mediko guztietakoak.