DONOSTIA. Ramosek azaldu duenez, Proiektu eta Obren Zuzendaritzak agindutako azterlan batean ezarri da zer eraikinetan jarriko diren makinak eta, eraikin bakoitzaren barruan, zer toki zehatzetan. Halaber, zerikusia duten zuzendaritza eta atalei galdetu zaie aukeratutako eraikinak egokiak diren horretarako: Donostia Kultura, Kiroletako Udal Patronatua, Hezkuntza eta Gizarte Sustapena, Aterpetxeen Bulegoa, Berdintasun Bulegoa eta Emakumeen Etxea. Bestalde, zentroen zuzendaritzek zentro bakoitzaren arduradunen zerrenda helarazi diote udalari, eta udala harremanetan jarri da jada haiekin.

Horretaz guztiaz hitz egingo dute, urtarrilaren 17an, Donostiako Hirigintza eta Berdintasun sailek, Farmazialarien Elkargoak, hiesaren aurkako kolektiboek eta Gehitu elkarteak izango duten bileran. Farmazialariek agindu dute makina eredu homologagarri bat aurkeztuko dutela, duen formagatik udal ordenantzak errespetatzen dituena eta ez dena eraikinetatik irteten baimendutakoa baino gehiago.

Bestalde, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak esan du erabakia "oso berri ona" dela, "tresna eraginkorrak ematen dizkiolako hiriari hiesaren eta sexu bidezko gaixotasunen kontra borrokatzeko". "Osakidetzak emandako azken datuen arabera, hiesa era kezkagarrian ari da igotzen 40, 50 eta 60 urtetik gorako gizonengan. Horregatik, ahaleginak egin behar ditugu gai honi erantzuna emateko. Izan ere, aurten asko eztabaidatu da ea preserbatiboen erabilera gizon eta emakume guztiei eskuragarri jarri behar zaien edozein ordu eta egunetan".