Baiona - Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaiaren hogeita hamabosgarren edizioa datorren maiatzaren 13an ospatuko da, beti bezala Senpereko aintziraren inguruan. Giroa pizteko hainbat ekitaldi egingo dituzte lehenago ere, hauen artean, bihar, ostirala, 20:30etan Baionako antzokian ospatuko den goi mailako bertso saioa. Taulen gainean nor baino nor ariko dira joan den abenduaren 17an Barakaldon Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean lehiatu ziren zortzi bertsolariak.
Maialen Lujanbio txapelduna bera buru izango dutela taulen gainera igoko dira txapeldun ordea Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi. Halaber, Iparraldeko ikastolen aldeko jaian parte hartuko dute Sustrai Colina eta Amets Arzallus Seaskako ikasle izandakoek. BECera joateko aukerarik izan ez zuten bertsozaleek aukera paregabea izanen dute gaur egungo bertsolari hoberenen koplak entzuteko bi ordu iraungo duen saioan, euskaratik eta euskaraz. Hamar euro balio duten sarrerak salgai daude Elkar, ikastoletan edo www.herriurrats.eus webgunean.
Leloa: ‘Prefosta’ Datorren maia-tzean Senperen ospatuko den hogeita hamabosgarren Herri Urrats jaiaren irabaziekin Lartzabaleko kolegioa handituko dute bertan 11 eta 14 urte arteko gero eta gazte gehiago biltzen dituzte eta. Gaur egun 190 gazte dabiltza Manex Erdozaintzi Etxart izeneko bigarren hezkuntza eskain-tzen duen ikastegian, eta laster 220 baino gehiago izango dira. Ipar Euskal Herriko barnealdea oraindik husten ari den garaian Seaskaren ikastoletan gero eta ikasle gehiago hartzen dituzte, Lartzabalen adibidez. Zuberoa eta Nafarroa Behereko gazteak dabiltza ikastegi horretan eta bertako ikasketak bukatu eta asko Baionan dagoen Bernat Etxepare lizeora doaz. Bi eremu horietan ikastegi bakarrak dira irakaskuntza osoki euskaraz eskaintzen dutenak. Euskaltzaleek argi dute lanean segitu behar dutela murgiltze eredua bermatzeko eta horregatik aurtengo leloa Prefosta aukeratu dute, hau da “bistan dena” edo “noski” zubereraz.
Erronkak Bi eta hemezortzi urte arteko 3.700 gazte biltzen dituzte gaur egun Seaskaren 36 ikastolek eta urtero 200 haur gehiagori egiten diete harrera. Denbora berean erronka askori aurre egin behar dietela ezin du ezkutatu Hur Gorostiaga Seaskaren zuzendariak. “2019ko irailean bi ikastola berri ireki nahi genituzke Ahetze-Arbona aldean eta Ezpeleta inguruan. Bi institutu gehiago behar genituzke ere Hendaia eta Miarritze inguruetan” dio euskaltzaleak. Lapurdiko kostaldeko ikastola gehienak gainezka daudenez den denak handitu beharko dituzte, bereziki Bidarte eta Biriatukoak.
Joan den irailean Baionan zabaldu zuten Bernat Etxepare lizeo orokor eta lehen aldiz lanbide heziketa eskaintzen duen ikastegia egonkortu nahi luke ere Seaskak. “Hamar milioi euroren inbertsioarekin euskaltzaleek inoiz egin dugun proiekturik handiena dela” azpimarratzen du Gorostiagak. “Arlo soziala eta merkataritza irakasten ditugu bertan baina sail gehiago ireki nahi genituzke. Seaskak urrats estrategikoa egin nahi izan du biharko langileak euskaldunak izan daitezen eta euskara eguneroko hizkuntza izan dadin eta ez bakarrik hezkuntza saileko tresna”.
Iparraldeko ikastolen federazioak soka tira nor gehiagoka hasi du berriro Frantziako Hezkunde Nazionalarekin bi aldeak lotzen dituen hiru urteko hitzarmena berritu behar baita datozen asteetan. Euskal federazioak nahi luke Hezkuntza Sailak behin betiko aitortza ematea Bernat Etxeparen irakasten duten merkataritza sailari. “Gaur egun Seaskak ordaintzen ditu bertako irakasleak baina ezagupena behintzat eman behar ligukete” dio Hur Gorostiagak.
Azterketak euskeraz Euskarak ez duenez inolako lege babesik edo aitortzarik Ipar Euskal Herrian, Seaskaren ikasleek frantsesez idatzi behar dituzte azterketak. Zailtasunak izan arren emaitza onak eskuratzen dituzte maiz baina ikasketa guztiak euskaraz egin dituzten gazteek Xalbadorren hizkuntzan idatzi nahi lituzkete azterketa horiek.
Institututik ateratzean egin behar den azterketa euskaraz egin ahal izan dute urteetan ikasle euskaldunek baina joan den ekainean aukera hori ukatu zien Frantziako Hezkuntza sailak. “Baimenik gabe euskaraz idatzi zituzten halere gure 150 ikasleek eta azkenean onartu zitzaien eta dena zuzendu zieten” argitu du Gorostiagak, pozik. Unibertsitatera sartzeko proba nagusian historia-geografia eta matematika ariketak soilik egin di-tzakete euskaraz. Filosofia eta zien-tziak ere euskaraz gainditu nahi lituzkete eta teknikoki egin litekela diote hainbat irakaslek eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak berak. Hegoaldeko unibertsitateetara sartzeko bidea errazagoa izan dadin bilatzen dute oraindik Iparraldeko euskaltzaleek.
Azken ikerketa soziolinguistikoaren arabera euskararen galera gelditu da Ipar Euskal Herrian 16-24 urte bitarteko herritarren %18,9 elebidunak direlako, duela hogei urte baino zazpi puntu eta erdi gehiago.
Dena dela, euskal hiztun asko galdu da azken hamarkadetan. Izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan bizi diren 300.000 herritarren artean %20,5 moldatzen da euskaraz, duela hogei urte %26,4 gai zelarik Axularren hizkuntzan hitz egiteko. Gainera, euskararen erabilera %46koa zen Zuberoan eta Nafarroa Beheran 1996an eta gaur egun %28ra jeitsi da erabilera barnealdeko bi herrialde horietan. Egoera are larriagoa da lurralde jendetsuenean %16tik %9ra apaldu baita euskararen erabilera Lapurdin. Erabileraren jeisteak kalitatearen apaltzea eragiten du maiz beren burua elebidun aurkeztu dutenen %41,5k baitio aiseago hitz egiten duela frantsesez euskaraz baino, hau da duela hogei urte baino zortzi puntu gehiago. Euskararen aldeko jarrera sutsuena ere atzera ari da urtez urte ikerketa soziolinguistiko desberdinen arabera. Urtero hiru mila lagun gehiago joaten dira Iparraldera bizitzera, gehienak Frantziako estatukoak.