Hurbiltzen ari zaigun garaiarekin, Gabonak, oso hedatua egon da ohitura bat: Olentzero enborrarena, enbor baten bitartez ere irudikatu delako sasoi hau. Udako solstizioko sua, San Juan alegia, kalekoa den bezala, neguko hau etxeko sua da. Horrela diote gure zaharrek: “Gabonetan plantxa, San Joanetan plazan” (plantxa=beheko sua).

Era horretan zenbait herritan oraindik mantentzen da familiako pertsona bakoitzeko egur bat erre-tzeko ohitura, zaharrenetik hasi eta gazteenarekin amaituz, beti ere gogoratuz etxean ez dagoena, txanda denean bere egurra errez.

Aurten ere, urtero bezala, suaren inguruan gauza berezia eginen dugu, eta hori dela eta ikasle bakoi-tzak “bazterrekoa” eramanen du Gabon Gauean bere muturtxoa erretzeko.

Bazterrekoa ikastetxean bertan egiten dira Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. maila bitarte. Ikasleek egur zati bat dekoratzen dute libreki, norberaren irudimenari askatasun osoa emanez.

Aurrez aurretik, beste urteetan ikasleek zein irakasleek egindako bazterreko ezberdinak ikusten dira gelan. Oso eredu anitzak izaten dira eta landutako teknika ezberdinez eginak: collage modukoak, marrazki geometrikoak, Gabonetako irudiak, hitzak, margolari ospetsuen lanak eredutzat hartuz... Modu berean, trebeenak ausartzen dira egur zati horri itxura ezberdinak ematen: batzuek daratuluarekin zulatzen dute, beste batzuek zerra eta lima erabiliz forma ezberdinak ematen dizkiote eta besteek egurraren forma errespetatzen dute.

Aurreko guztia ongi aztertu ondoren, bakarkako lanari hasiera ematen zaio. Ikasle bakoitzak bi bazterreko egiten ditu, bat etxera eramateko eta beste bat ikastolako txiki bati oparitzeko. Ikasle bakoitzak bururatzen zaiona bi bozetotan, paperean, irudikatzen du. Ondoren, bi egur zatiak marrazten, koloreztatzen edota material ezberdinak itsasten apaintzen ditu .

Olentzeroaren bezperan, ikasleek gehien maite duten proiektu honen momentua heltzen da: txikien geletara joaten dira hain ilusio handiz beraientzako egin duten bazterreko hori oparitzera. Ikasle bakoitzak bere ardurapean duen txikiari ematen dio eta hurrengo egunean auzoan zehar egingo den kalejirara joateko gonbidapena luzatzen dio. Txikiek, oso urduri egoteaz gain, beti izaten dute zerbait prest handiei emateko: ikastolako sukaldean haiek egindako polboroiak eta trufak jateko, kantu alaiak eta atseginak Gabonei ongi etorria emateko, musu handi eta besarkada estu batekin.

Trukaketa hau Bizikidetza Planaren helburu nagusi baten barruan kokatzen da: ikastolako ikasleen arteko harremanak sendotzea eta aldi berean, ikasle handienengan besteen zainketa zein garrantzitsua den gure garapen pertsonala eta sozialarako barneratzea. Handien txikiekiko ardura hau txikiak diren bitartean mantentzen da eta handitzean, lekukoa hartzen dute.

Ikastolak ere badu bere bazterreko handsia sarreran, Olentzeroarekin batera erakusgai egoten dena eta Olentzeroaren egunean ikastolan egiten den sutean erretzen dena guztiok urte berri ona izateko.