BILBO. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadi ordezkatuko duen "espazio berezian" gune zehatz bat izango da euskal enpresek bilerak egin ditzaten nazioarteko bidaia antolatzaileekin eta agentziekin. Era berean, enpresaburuek speed meeting delako lan jardunaldietara bertaratzeko aukera izango dute, azoka hasi baino ordubete lehenago.

Speed meeting bost minutuko iraupena duten bilera laburrak dira, eta beste harreman batzuk ezartzeko balio dute.

Lakuako Gobernuaren arabera, Euskadi "gero eta helmuga erakargarriagoa" da Erresuma Batuko turistarentzat. Azken sei urteetan, turista britainiarren etorrera %58 gehitu da, eta nazioarteko bigarren merkaturik garrantzitsuena da. 2017an, orain arte, Britainia Handiko 80.000 turista baino gehiago izan dira Euskadin, aurreko urtean baino %3 gehiago -urte osoan 114.000 sarrera izan ziren-.

Euskadi bisitatzen duten Erresuma Batuko turistak, batez ere, hiriak ikustera etortzen dira, baita touring delako turismoa egitera ere. Gainera, %40 bikotekidearekin dator, %20 lagunekin eta %15 bikotekidearekin eta lagunekin.

Euskadirako bidaia antolatzeko garaian, batez ere Internet bidez eta lagunen eta familiakoen bidez bilatzen dute informazioa. Euskadi bisitatu duten Britainiako turisten %77k aurretik Internet bidez erreserbatu zuen zerbitzuren bat, batik bat ostatua eta garraioa. Gainera, Erresuma Batuko turisten %72 hegazkinez iristen da Euskadira, eta %16 autoz.

Erresuma Batuko turista batentzat Euskadirako bidaiaren kostua pertsonako 394 euro da, eta 107,5 euro pertsona eta eguneko. Euskadin, batez beste, 4,4 gau ematen dute. Britainia Handiko turisten %90ek "oso modu positiboan" baloratzen dute bisita, eta %90ek adierazten du turismo helmuga gisa gomendatuko lukeela.