GASTEIZ. Arabako Foru Aldundiaren eskumeneko herri arteko autobus lineetako txartela eta eskariaren araberako taxi zerbitzua bidaiari guztientzat doakoak izango dira ostiral honetan, Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko. Neurria Mugikortasunaren Europako Astearen baitan dago, eta Araba Erdialdea, Arabako Errioxa, Aiara, Gasteiz/Espejo eta Gasteiz/Durango emakidei eragingo die.
Foru erakundeko arduradunen arabera, neurriak foru garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du norberaren autoa ordezkatzeko, bai eta zerbitzu hori eta hura eratzen duten lineak ezagutaraztea eta haren ohiko erabiltzaileei gorazarre egitea ere. 400.000 lagun inguruk erabili dituzte aurtengo lehen seihilekoan Araba Erdialdea, Arabako Errioxa eta Aiara emakiden lineak, iaz baino %20 gehiagok.
Europako Batzordearen Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiak urtero bultzatzen du irailaren 16tik 22ra bitartean Mugikortasunaren Europako Astea ospatzea, autoa erabili ordez herritarrak garraio publikoa edo bizikleta erabiltzearen edo joan-etorriak oinez egitearen onurez sentsibilizatzeko. Horrela, toki erakundeak garraiobide horiek sustatzera gonbidatzen ditu.
Ekimen horren barruan, ostiral honetan Autorik gabeko Europako Eguna ospatzen da. Arabako Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak bat egingo du ospakizunekin, eta, hori dela eta, iaz bezala, doakoa izango da Arabako Foru Aldundiaren eskumeneko herri arteko autobus lineetako txartela. Linea horiek Gasteiz eta lurraldeko gainerako herriak lotzen dituzte, bai eta Arabako gainerako eskualdeak beraien artean ere. Halaber, doakoa izango da eskaeraren araberako garraio zerbitzua, landa taxi deritzona, garraio erregularrik ez duten herri txikietako herritarrak geltokirik hurbilenera eramaten dituena.