DONOSTIA. Gainera, informazio txartelak gehitu ditu, eta aurrez aurreko arreta bi pertsonarekin sendotu du. Neurri berriak uztailaren hasieran abian jarri ziren ordu erdiko maiztasunei gehitzen zaizkie, Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Aireportuaren kanpoaldean, Lurraldebusen geralekuaren zutoinean, informazio seinale berriak jarri dira, eta zerbitzuen ordutegia, maiztasuna eta lineen prezioa, txartelak erosteko makinaren kokalekua eta Lurraldebusen erabiltzailearentzako arreta zerbitzuaren telefonoa (900 300 340) adierazten dituzte. Informazio txartelak lau hizkuntzatan daude (euskara, espainiera, ingelesa eta frantsesa), eta berritu egin dira, tiketak kreditu txartel bidez erosteko makinaren kokalekua adierazteko.
Barrualdean, bi pertsona arduratzen dira bidaiariei tiketak erosteko makina erabiltzen laguntzeaz -kreditu txartelekin eta Mugi txartelarekin soilik funtzionatzen du-, erosketak arintzeaz eta zalantzak eta izan daitezkeen gorabeherak konpontzeaz. Gainera, kanpoaldean, Lurraldebusen geralekuan, autobusen ondoan, beste pertsona batek kudeatuko ditu autobusetarako sarrerak eta sarbideak, erosteko makinara bideratuko ditu erabiltzaileak eta azken orduko tiketak saltzeaz arduratuko da arduratuko da -tiketa garaiz erosteko aukerarik izan ez dutenei edo tiketa eskudiruarekin erosi nahi dutenei-. Horrez gain, Lurraldebusen zerbitzu honi buruzko informazioa eta arreta emateaz arduratuko da.
ABUZTUAREN 31RA ARTE
Informazioko aurrez aurreko zerbitzu hori abuztuaren 31ra arte izango da indarrean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ordu horretatik aurrera, autobusetako gidariak arduratuko dira bezeroei arreta emateaz eta tiketa makinan erosi ezin izan duten bezeroei tiketa kobratzeaz.
Joan den uztailaren 1etik, Lurraldebusek Bilboko aireportura egiten duen zerbitzuak ordu erdiko maiztasuna du bi noranzkoetan, urtearen gainerakoan ordubeteko maiztasuna duenean. Udako ordutegi berriarekin, Donostiako geltokitik 04:30etik 21:30era bitartean daude autobusak. Loiuko aireportuko irteerak ere ordu erdiro dira, 06:15etik 23:45era.
Gainera, aurrez eskuratutako tiket bidezko eskaria dagoen guztietan, autobusa Zarautzen geldituko da. Ordu erdiro egiten den aparteko zerbitzu hori, abuztuaren 31n amaituko dena, joan den urteko uztailean ezarri zen lehen aldiz, eta harrera ona izan zuen aireportuko erabiltzaileen artean. 2016an, zerbitzu bereziek %13,5eko hazkundea izan zuten uztailean, eta %10,4koa abuztuan.