BILBO. Babes neurri adierazgarrienak Bortxa telefonoa -897 biktimei esleitu zaiena-, eskolta pertsonala -50 emakumek dutena- eta eskumutur elektronikoa -18 kasutan erabiltzen dena- dira. Lurraldeka, genero eta etxeko indarkeriaren 774 espediente egin dira Araban, 2.134 Bizkaian eta 1.444 Gipuzkoan.

2000. urtetik Ertzaintzak araututa ditu emakumeen kontrako tratu txarrei aurre hartzeko eta aurre egiteko jardun prozedurak. Gaur egungo protokoloak 2006. urtean jarri ziren abian, eta protokolo horien artean nabarmentzen da arriskuak ebaluatzeko sistema, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera prestatua eta Europan aitzindaria dena. Nolanahi ere, arriskuak neurtzeko prozedura hori hainbatetan aztertu da berriz eta hobetu da, azkena 2013an.

Beste kasu bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak informatikoki erregistratzen du Etxeko Indarkeriako/Genero Indarkeriako espediente batean (EI/GI). Une horretatik aurrera, biktimaren arrisku maila edozein izanik ere, eta kasua auzitegietan ebazten bada ere, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari. Gaur egun 4.352 emakume dago egoera horretan: 774 Araban, 2.134 Bizkaian eta 1.444 Gipuzkoan. Duela urtebete Araban 696 kasu ziren, Bizkaian 2.258 eta Gipuzkoan 1.549.

EI/GI espediente bakoitzak kasuaren historial osoa barnean hartzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epaitegiko aginduak edo bestelako informatika aplikazioetatik datozen datuak, besteak beste.

Babes handiagoa lortzeko eta, kasurik larrienetan, epaitegietako tramiteak errazteko, tratu txarrak jasaten dituen emakumeari epaitegira agenteek lagunduta joatea eskaintzen zaio, epaitegiko lehen tramiteetarako bederen. Horrez gain, tratu txarrak erregistratzen direnean, eta adin txikiko seme-alabei arreta emateko, gizarte zerbitzuekin lotzen duten komunikazio bideak daude.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, neurrizkoa, handia eta berezia. Horien ebaluazioa etengabea denez gero, arrisku maila alda daiteke biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira.

Biktima guztiekiko komuna den lehen segurtasun neurria da autobabesaren arloko prestakuntza; saio pertsonal baten barruan bideo bat ikusi da eta informazio liburuxka bat banatzen da. Lehen ekintza horri gainbegiratze bat jarraitzen dio, aldian behin telefono bidez jartzen baita biktimarekin harremanetan.

BORTXA TELEFONOA

Bortxa larrialdiko telefono zerbitzu bat da, Ertzaintzak tratu txarrak jasan dituzten emakumeei eskaintzen diena. Ertzaintzaren koordinazio zentroarekin eta kasua daraman ertzain etxearekin zuzenean lotura duen terminala da, larrialdietan erabiliko dena. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko arreta zerbitzuaren 900 840 111 telefonora erraz sartzeko aukera ematen du -telefono zenbaki hori tratu txarren edo sexu erasoen biktima diren emakumeei zuzentzen zaie-. Era berean, GPS bidez kokatzeko alarma aktibazioa du, besteak beste. Gaur egun 897 terminal daude funtzionatzen: 185 Araban, 395 Bizkaian eta 317 Gipuzkoan.

Neurrien katalogoak hainbat zaintza zeregin barne hartzen ditu, eta espedienterik larrienen kasuan eskolta pertsonalera iritsi daiteke; gaur egun 50 emakumek du eskolta pertsonalaren babesa: 4 Araban, 28 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan.

Kasu jakin batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumutur elektronikoa esleitzen zaio, urruntze agindua betetzen duela ziurtatzeko. Ertzaintzak koordinazio zentroen bitartez kudeatzen ditu gailu horien alerta abisuak. Gaur egun mota horretako 18 eskumutur daude aktibatuta: 16 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan.

Bestalde, Ertzaintzak arlo horretan egiten duen lanaren kalitatea aztertzen dute kanpo erakunde batzuek. Era berean, egindako arretari buruzko iritziak jasotzen ditu biktimen artean.

Halaber, Ertzaintzak elkarlanerako protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta beste polizia kidego batzuekin etengabe dihardu elkarlanean, informazioa trukatzeko. Elkarlan hori funtsezkoa da batez ere bizilekua lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuan, aldi baterako aldatu edo behin betiko aldatu.

Era berean, etengabe dago beste erakunde batzuekin harremanetan biktima diren emakumeen arreta hobetzeko, erakunde arteko akordioaren jarraipen batzordearen esparruan, baita Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen eta Emakunderen artean ere.