Hirugarrenean ere, jendetsua, arrakasta-tsua, mundiala eta demasekoa. Bergarako Aranzadi ikastolak festa egun borobila prestatu zuen atzo eta gipuzkoarrek, azken 40 urteotan bezala, ez zuten hutsik egin. Goiz da zenbat diru lortu zuten jakiteko eta atzo arratsaldean ez ziren ausartzen oraindik jende kopuru zehatz bat ematen (busentzat eta ibilgailuen-tzat jarritako aparkalekuak bete egin ziren eta alternatiba moduan jarritakoa ere bai), baina aurreikuspenak beteta, egun borobila izan zela onartu zuten Aranzadikoek.

Lainopean eta giro freskoarekin, lotsati samar, eman zien ongietorria Bergarak goizean goiz herrira gerturatu ziren auto, autobus, bizikleta eta oinezkoei. Baina ordu gutxi batzuetako kontua izan zen: eguerdia baino lehen jada epeldu zuen eta festa giroak herri osoa hartu zuen.

Goizeko 9.30etan abiatu zuten jaialdia Aranzadiko arduradunek eta bertaratutako agintariek ikastolan bertan. Aldarrikapen unea izan zen, baina umoreak ere izan zuen bere lekua Mikel Laskurain aktoreari esker eta festa antolatzen lagundu zuten herriko hainbat eragileren ordezkariek osatu zuten aurtengo logoa. Zintarik ez zuten moztu eta, horren ordez, atea zabaldu zuten jaialdia irekitzat emateko, 40. Kilometroak aurrera begirako bidea hasten duela islatzeko.

Ordurako jada ehunka pertsona zeuden bai ikastolako jolastokian eta baita zirkuituan ere eta, pixkanaka-pixkanaka, biderkatzen hasi ziren: familiak, umeak, lagun taldeak, beteranoak, gazte kuadrillak, mendizaleak, festazaleak... Guztiek zirkuituko bost kilometroak bete zituzten, baina baita Bergarako kale eta tabernak ere: aurrekoetan ez bezala, aurten prestatutako ibilbidea oso urbanoa zen eta herria zeharkatzen zuen. Zentzu horretan, atzokoa herriarekin batera antolatutako festa izan zela nabarmendu zuten Aranzadi ikastolako antolatzaileek.

bakoitzak bere txokoa Ibilbide osoa edo zati bat eginda, bakoitzak bere txokoa aukeratu zuen. Gazteak kontzertuak erakarrita laugarren gunean bildu ziren gehienbat eta Ze esatek! eta Doctor Deseoren kontzertuak oso jendetsuak izan ziren, baita Oihan Vegaren DJ saioa ere, hirugarren gunean. “Festara gatoz, ondo pasatzera”, aitortu zuen eguerdia aldera ibilbidea osatzen ari zen Zumarragako kuadrilla batek. “Urtero gatoz eta aurten Doctor Deseo ikusi nahi dugu bereziki”, gaineratu zuten. Beste askok bezala (gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da), aurtengo Kilometroetako kamisetak zeramatzaten, Demasa lema eta logoarekin.

Zarauztik etorritako Izaskun, Iñaki eta Arantza beteranoek festa giro hori aldarrikapenari gailendu zaiola onartu zuten. 1977. urtean Beasainen egindako lehen Kilometroak hartatik urtero-urtero izan dira Gipuzkoako ikastolen festan, bakarren bat galduta bakarrik. “Asko aldatu da jaia ordutik, orain aldarrikapen gutxiago eta festa gehiago dago”, aitortu zuten. “Agian gure ikuspegia ere aldatu da, zahartu gara urte hauetan!”, gaineratu zuten umoretsu eta ibilbidea egiteko prest. “Bidean hamaiketakoa egiteko geldialdiren bat egingo dugu...”, esan zuten.

Elgoibarko Mikel eta Anerentzat ere urteroko hitzordua da Kilometroak eta atzo bi seme-alabekin gerturatu ziren Bergarara. “Lehen kuadrillan etortzen ginen eta orain, familia giroan”, kontatu zuten, baina edonola ere festak baduela zer eskaini uste dute. Lehen Kilometroak egin zenetik gauzak asko aldatu badira ere, horrelako jaiak oraindik beharrezkoak direla bat egin zuten Donostiatik seme-alabekin joandako Xabier eta Naiarak, “euskararen aldeko eta ikastolen aldeko aldarrikapena egiteko”.

Atzoko ibilbidea laua zen eta urbanoa (mendizaleentzat bestelako bat ere prestatu zuten) eta horrek erraztu egin zuen umeen aulkien joan-etorria. Lehenengo eta bigarren guneak hartu zituzten txikiek batez ere: ikastolaren inguruko puzgarriek erakarri zituzten, baita bigarren gunean sortutako haurren basoak ere: ur botilekin sortutako boloekin jolastu zuten, adarrekin eta ehun zatiekin eraikitako kanpin denda antzeko batean ere bai eta tirolina moduko bat ere jaitsi zuten, gurpil baten gainean eserita.

lekukoa, oñatira Bost kilometroko zirkuitua eta Bergarako kaleak jada jendez lepo zeudela eta bozgorailuen laguntzaz festa giroa txoko guztietara heldu zela, ikastolaren barruan lekuko aldaketa egin zuten eguerdian eta Aranzadiko arduradunek Oñatiko Txantxiku ikastolakoei eman zieten testigua, haien eskuetan geratuko baita 2017ko festaren antolaketa.

Gainera, eguerdiko ekitaldian 70eko hamarkadako herri eragileak omendu zituzten, Alkartu Nai eta Promoción Cultural kultur eta giza elkarteak. Orduan Bergarako alkate izan zen Jose Luis Elkorok eta Regino Vallek jaso zituzten oroigarriak elkarte haien izenean. “Behar guztiak asetzeko zeuden eta auto-eraketa eta auzolan ariketa ausarta egin zen Bergaran orduan. Garai historiko eta aberatsa izan zen”, nabarmendu zuen Elkorok.

Azken hamar urteotan Kilometroak Kultur Elkartean arduradun izan den Arantxa Manterolak ere omenaldia jaso zuen (Nekane Artolak hartu du bere lekua).

salaketarik ez Kanpoan festak jarraitu zuen arratsaldeko 19.00ak arte. Eta ateak itxita, balorazioa ezin hobea izan zen: aparteko arazorik ez zela izan nabarmendu zuten Aranzadikoek eta jendearen portaera txalotu zuten. Alkohol gehiegi edateagatik oso intoxikazio gutxi izan zirela esan zuten eta eraso sexistarik ez zela gertatu edo, behintzat, salaketarik ez zela izan. “Aldez aurretik egindako preben-tzio lan eta protokoloek funtzionatu dute eta bere fruitua eman dute”, gaineratu zuten. Antolakuntzak lagun izan zituen boluntarioei eta Bergaran bildutako guztiei eskerrak eman zizkien eta, haiei esker, Kilometroak demasekoa izatea lortu zutela aitortu zuten.