BERGARA - Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuak euskal hezkuntzaren legearen aldeko deia egin zuen atzo Kilometroak jaiaren hasierako ekitaldian: “Egin beharra dugu, lege propio bat zor diogu euskal gizarteari. Adostasunean, elkarlanean, elkarrenganako enpatian eta hezkun -tzari zor diogun errespetuan oinarrituta. Mahaia prest dago, jar gaitezen, ilusioz, herri honek merezi du”.

Bere hitzaldian, Uriartek “inposatu nahi diguten” legearen aurrean euskal hezkuntzak “bere bidea” egitea erabaki zuela gaineratu du, Heziberri programaren bidez, eta hor lagun izandakoei eskerrak eman zizkien. Horrez gain, urte hauetan ikastolen “lanerako jarrera” ere goraipatu zuen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere gaur egun ikastolek duten funtzioa azpimarratu zuen: “Haien euskal hezkuntzaren aldeko eredua lehen irla bat zen, orain itsasoa da. Baina haien lana oraindik azpimarratzekoa da, ai-tzindari izan behar dute”, aipatu zuen, “gure hezkuntza eta hizkun-tzaren aldeko maitasuna bultza-tzen eta auzolanean”, aipatu zuen. Azken 40 urteotan euskal kulturaren “berpizkunde” bat izan bada ere, “jauzi kualitatibo” bat emateko ordua dela esan zuen, euskararen erabileraren alde.

gogoeta Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak horrelako festa bat egin ahal izateko atzean dagoen auzolana aldarrikatu zuen. Era berean, Kilometroak jaiaren inguruan gogoeta prozesu bat abiatu dutela esan zuen: epe ertainera begira, beste motako bateko festa bat posible den aztertuko dutela esan zuen. Azkenaldian hildako Imanol Urbieta musikaria eta Juanito Zelaia enpresaria ere izan zituen gogoan.

Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi ikastolako lehendakariak atzoko festa “herriarekin” batera antolatu zutela nabarmendu zuen eta urte osoan zehar egindako lana “demasekoa” izan dela, baina, era berean, “horrelako jaietan ez ohikoak izan diren eskabide burokratiko eta gehiegizko teknifikatzeak herria eta udala eskutik joatea zaildu” dutela esan zuen.

Erakundeetako ordezkariekin batera (Eusko Legebiltzarreko jarduneko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza eta Bergarako alkate Elena Lete izan ziren, besteak beste), EAJ eta EH Bilduren ordezkariak ere izan ziren Kilometroetan, Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte buru zirela.- A.Z.