BILBO. Zehazki, 60 emakumek eta 36 gizonek egin dute ikastaroa. Lehen lauhilekoan 51 ikaslek parte hartu zuten, eta bigarrenean, berriz, 45ek. Campusen arabera, Gipuzkoan izan da ikasle gehien, 41; Araban, berriz, 31 ikasle izan dira, eta Bizkaian, azkenik, 24. Eta jatorri ugaritakoak dira euskara ikasi nahi izan duten ikasleak: Frantziakoak, Italiakoak, Alemaniakoak, Txekiar Errepublikakoak, Greziakoak, Britainia Handikoak, Bielorrusiakoak, Errusiakoak, Estatu Batuetakoak, Brasilgoak, Txilekoak, Mexikokoak, Ekuadorkoak eta Puerto Ricokoak, eta estatuko gainerako erkidegoetakoak.

EHUko Euskara errektore Jon Zaratek azaldu duenez, "oinarrizko ikastaro bat da, eta euskararekin lehen harremana lortzea du helburu. Dena dela, ez da gramatika edo hiztegia bakarrik irakasten; eskolaz kanpoko jarduerak ere antolatzen dira, ikasleek hemengo herria eta euskal kultura ezagut ditzaten".

Zarate pozik agertu da emaitzekin; izan ere, "ez genuen uste hainbeste ikaslek emango zutenik izena. Ahalegin berezia egin dugu, eta ea datorren ikasturtean ere funtzionatzen duen". Ikasleek, halaber, oso ontzat jo dituzte ikastaroak: prestakuntza amaitzean egindako inkesten arabera, ikasle gehienei nahiko interesgarriak edo oso interesgarriak iruditu zaizkie ikastaroak. "EHU lanean dihardu gure hizkuntza gure mugetatik harago zabaltzeko, eta ikastaro hauek bat datoz ideia horrekin", adierazi du, "unibertsitatearen helburuetako bat da hori" gaineratuz.

EUSKAL KULTURA EZAGUTZEN

Bestalde, euskara ikastaroetan izena ematea erabakitzeko ordua, atzerriko ikasleen motibazio nagusia tokiko kultura eta hizkuntzaren inguruan gehiago ikastea izan da. Flor Martínezek euskara ikastaroa egin du ikasturte honetan Bizkaiko Campusean. Mexikoko Instituto Politécnico Nacional-eko ikasle honek azaldu duenez, "zeozer guztiz ezberdina ikasi eta tokiko hizkuntza pixka bat ulertu nahi nuen". "Eskola ostean paseatzera irteten ginenean ere, beti ikasten genuen zeozer berri, kideen artean baita ere", gogoratzen du.

Halaber, Edison Martinez, Puerto Ricoko Unibertsitatetik etorri zen ikaslea, azaldu duenez, "Euskal Herriari buruz gehiago jakiteko eta inguruko pertsonekin errazago komunikatzeko eman nuen izena euskara ikastaroetan". "Ikastaroak oso erabilgarriak eta interesgarriak izan ziren -jarraitzen du- eta txangoek asko lagundu ziguten, ez soilik hizkuntza ikasteko, baita toki berriak ezagutzeko ere".

Alemaniako Universität Passau-ko ikasle de Anouk Stober-i asko gustatzen zaio hizkuntza berriak ikastea eta, hemen, aukera izan zuen. Ikastaroa dibertigarria iruditu zitzaiola adierazi du: "Lengoaia oso berezia da, japoniera ematen zuen!". Flor, Edison eta Anouk bat datoz elkartruke programekin etorriko diren hurrengo ikasleei euskara ikastaroetan parte hartzea gomendatzerako orduan, "Euskal herritarrentzako parte oso garrantzitsua da eta, gainera, oso polita da kalera irten eta pixka bat gehiago ulertu ahal izatea", adierazi du Stober-ek.