Start up enpresek aholkularitza eta laguntza finantzarioa izango dute, baina, batez ere, ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes, Michelin, Microsoft, Repsol-Petronor eta Siemens enpresen konpromisoa, berrikitan sortutako enpresa horiek hazten, azeleratzen eta merkatura eramaten lagunduko baitute, Eusko Jaurlaritzako SPRI Taldeak jakinarazi duenez.

"BIND 4.0 - StartUP! Basque Industry 4.0 Accelerator Program" aurkezteko, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Aitor Urzelai Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria buru dituen jardunaldia egingo da.

Ekimen hau abian jartzean, Eusko Jaurlaritzak eta 12 enpresa laguntzaileek euskal ekintzailetza ekosistema hobetzen lagundu nahi dute, Euskadi industria garapen aurreratuko herrialdetzat eta nazioarteko talentua erakartzeko polotzat posizionatzeaz gain. Hori guztia, SPRIk koordinatuta eta BIC-Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien laguntzarekin egingo da.

Helburu horri begira, ohiko prestakuntza, mentorizazio eta finantzaketa zerbitzuez gain, BIND4.0 programak, proiektuak enpresa laguntzaileen eskakizunen arabera garatzeko aukera eskainiko die hautatutako start up enpresei, hau da, enpresen eta start up-en arteko harremanak bezeroa-hornitzailea formatuaren arabera gauzatuko dira, eta, horri esker, start up-ek, bezero handi bati fakturatzeaz gain, lehen mailako erreferentzia eta merkatu eta banaketa bide berrietarako sarbidea lortu ahal izango dituzte.

TEKNOLOGIA PARKEA ETA BIC

Bestalde, euskal teknologia parkeen eta BIC-Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eskutik, ekintzaileak lanerako ingurune eta esparru egokiez baliatu ahal izango dira proiektuak garatzeko, prestakuntzarako, mentorizaziorako eta laguntza ekonomikoetarako sarbideaz gain. BIND 4.0 programan parte hartu eta hautatutako start up enpresak hartzen dituzten enpresa laguntzaileei, ekimenean parte hartzeak talentua bilatu, identifikatu eta atzitzeko aukera erraztuko die, EAEn nahiz atzerrian, eta horrek lehiakortasuna hobetzen eta Industry 4.0 deritzon laugarren industria iraultzaren abangoardian kokatzen lagunduko die.

Proiektuen hautaketa-prozesuan sartzeko epea BIND 4.0 ekimena aurkezten den egun berean (uztailaren 6an) hasikoo da. Urriaren 31n, hautatutako start up enpresen zerrenda argitaratuko da, eta ondorengo 24 asteetan, azaroaren 14tik 2017ko maiatzaren 12ra bitartean, beren proiektuak gauzatzeari ekingo diote enpresen lankidetzaz. Programaren oinarriak www.bind40.com webgunean eskuratu ahal izango dira uztailaren 6tik aurrera, eta aurkezpen ekitaldirako izen-ematea https://bit.ly/24BZx5r webgunean egin daiteke.