iruñea - Hizkuntza eskubideen berme osoa lortzeko bidean urrats ba-tzuk eman diren arren, egiteko aunitz gelditzen dela argi utzi zuen atzo Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak Nafarroako Parlamentuan. Agerraldian, hizkuntza eskubideekiko errespetua ziurtatzea helburu duen erakundeak 2015 urtean zehar herritarren aldetik bildutako salaketen txostena aurkeztu zuen.

Salaketa horien aurrean, egoeraren arduradunak diren pertsonak “uzkur” agertzen direla gaineratu zuen Behatokiko zuzendariak: “Hainbatetan utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea”.

Hala ere, “herritarren determinazioari esker” hainbat egoerari konponbidea ematea lortu dela ere azpimarratu zuen Petriatik. “Euskaraz jarduteko oztopoen aurrean jarrera irmoari eutsi eta arrakastarako bidea egin dute herritarrek 2015ean ere. Hizkuntza dela eta bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatea onartzen ez dutenak, tratu duina exijitu eta egiten duten ahaleginaren ondorioz aldaketak eragin dituztenak”. Hala, horren adibide diren kasu batzuen berri eman zuen Behatokiko zuzendariak atzoko lan-saioan. Besteak beste justizia, hezkuntza, osasuna edota administrazioa bezalako arloetan eman diren hizkuntza-eskubide urraketa kasuak, denak hala denak.

“Erdarak lehenesten diren testuinguru orokor baten baitan ematen dira egoera hauek guztiak. Urtez urte errepikatu dugun gauza bera esan beharrean gaude orain ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioan, administrazio autonomikoeetan eta toki administrazioetan, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak”.

Hartara, herritarrek salatzen dituzten egoerak berriro gertatu ez daitezen erakundeen babesa eta ekin-tza beharrezkoa dela ondorioztatu zuen Petriatik, “euskal hiztun gisa askatasunez eta berdintasunean bizitzeko aukera izatea ez delako kapritxoa, eskubidea baizik”. - M.M.P.