NAFARROA. María Osés Zubiri (Olite, 1982) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoretza ikaslea da eta EBk finantzatzen duen Nova Domus proiektuaren beka bat lortu du, hamaika hilabetez Montrealgo Unibertsitateko (Kanada) Erizaintza Zientzien Fakultatean zainketa aringarrietan prestatzeko. Ikasle nafarra bere tesia prestatzen ari da, erizainek heriotza-prozesuaren aurrean dituzten jokabide, iaiotasun eta sinesmenei buruz.
Bartzelonako Unibertsitateak koordinatzen du Nova Domus proiektua (Network of America and Europe for Doctoral Mobility at Universities, hau da, Doktoretza Mugikortasunaren aldeko Ipar Amerikako eta Europako Unibertsitateen Sarea). Proiektuaren helburua da doktoregaien, doktoreen, irakasleen eta administrazio langileen mugikortasuna, Atlantikoko alde batetik bestera, finantzatzea, eta Europar Batasunak finantzatzen du, Erasmus Mundus programaren barruan.Nova Domus proiektuaren helburu nagusia da bikaintasun-sare bat sortzea, parte hartzen duten unibertsitateen arteko harremana eta ezagutzaren joan-etorria sustatzeko. Parte hartzen duten Ipar Amerikako unibertsitateak hauek dira: Britaniar Columbiako Unibertsitatea, Dalhousieko Unibertsitatea, McGill Unibertsitatea, Montrealgo Unibertsitatea, Ottawako Unibertsitatea (hauek denak Kanadakoak) eta Browngo Unibertsitatea, Georgiako Unibertsitatea eta Johns Hopkins Unibertsitatea (hauek Estatu Batuetakoak).
Europakoak, hauek: Boloniako Unibertsitatea (Italia), Lovainako Unibertsitate Katolikoa (Belgika), Glasgoweko Unibertsitatea (Erresuma Batua), Lundeko Unibertsitatea (Suedia), Barcelona, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa eta Pompeu Fabra Unibertsitatea.Programarako eskaerak aurkezteko epea apirilaren 23an amaituko da. Programak bidaia, egonaldia eta asegurua finantzatzen ditu eta medikuntza zientzien, natura zientzien eta ingeniaritzaren eremuetako doktoregaiei, doktoreei, irakasleei eta administrazioko langileei zuzentzen zaie.Nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoa partzuergokoa ez izan, honek Europako eta Ipar Amerikako goi mailako hezkuntzako beste hainbat erakundetako doktoregaiei ere eskaintzen dizkie postuak. Horrela, María Osések Nova Domus Proiektuak 2015ean Europako doktoretza ikasleentzako eskaini zituen hogeita hamar beketako bat lortu du.
Osasun Publikoaren arloko doktoregaia
Doktoregaiak datorren uztailean amaituko du hamaika hilabeteko egonaldia. Han zainketa aringarriari buruzko prestakuntza etengabeko programa bat egiten ari da. Izan ere, 2013tik bere doktoretza tesia prestatzen ari da, Osasun Publikoaren programaren barruan, Juan Manuel Casas Fernández de Tejerina NUPeko Osasun Zientzien Saileko unibertsitateko irakasle titularraren zuzendaritzapean. Fernández de Tejerina Ospitaleratzeko A Ataleko burua (lehengo Nafarroako Ospitalea) ere bada Nafarroako Ospitaleguneko Barne Medikuntzaren Zerbitzuan.María Osés Erizaintzan Diplomaduna da NUPen, non beste hiru master ere egin baitzituen: Osasun Publikoa, Erizaintzako Zainketen Kudeaketa eta Lan Arriskuen Prebentzioa.
Horietaz gainera, Madrilgo Camilo José Cela Unibertsitatearen Erizaintzaren Ebakuntza Aretoko Masterra ere egin zuen. Gainera, esperientzia handia dauka erizain moduan, lehen Milango (Italia) Mangiagalli eta Regina-Elena Ospitale Poliklinikoan, eta gero Nafarroako Ospitalegunean.