GASSTEIZ. Hiru hiriburuak gehituta, jada Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 28 udalerri biltzen ditu sareak, "mundu mailan udalerri lagunkoi gehien dituen lurralde gisa finkatuz Euskadi". Izan ere, hiru hiriburuek bat eginik, "nazioarteko erreferente" bihurtu da Euskadi Lagunkoia, orotariko hedadurako hiriburu, hiri eta herriak gehitu dituelako ekimenera.
Irailean 2015-2020 aldirako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia abiarazi ostean iritsi da hiru udalerrion atxikimendua. 2015-2020 aldirako estrategiak zahartzaro aktiboa, positiboa eta osasuntsua lortu nahi du, herrialde, lurralde, hiri zein herriaren garapenean integratua egongo dena, eta biztanleriaren zahartze progresiboko ingurune batean, demografiako datuek adierazten dutenez, gaur egun EAEko hiru hiritarretik batek gainditzen baditu 55 urteak, INE estatistika erakundearen arabera, 2029an 596.000tik gora pertsonek gaindituko dituzte 65 urteak, hau da, biztanle horiek guztizkoaren % 29 hartuko dute.
Orduan, milioi bat inguru izango dira 55 urte eta gehiago dituzten pertsonak; alegia, euskal biztanleriaren ia erdia.
Sarera gehiturik, parte hartze komunitarioko prozesuak sortzearen, herritarren bizi maila hobetzeko asmoz udalerriaren eskumen alor ugarietan aldaketak sartzearen, adinekoek ongizate sortzaile gisa herritarren bizitzara ekar dezaketen potentziala baliatzearen eta
Euskadin lagunkoitasun-ekimenen sare bat sortzearen alde egin dute EAEko hiru hirinburuek. POZ HANDIA
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, mugimenduaren sustatzaile izanik, "poz handiz" hartu du Bilbok, Donostiak eta Gasteizen mugimenduarekin bat egin izana. Hala, Toñak nabarmendu duenez, "guztion artean, indarrak batuz, bere herritarrei bizi maila handiagoa eskaintzen dien lurralde bihurtu dezakegu Euskadi".
Euskadi Lagunkoia Sareak Age Friendly Environments Programme ekimena du oinarri. Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ekimena da, adinekoei eta komunitateei beren ahalmen guztia ustiatzeko eta beren ingurune, udalerri, herri nahiz hiriak eraikitzeko gizartean parte hartzeko aukera ematen dien tresna eraginkor bat, haien premia, nahi eta gaitasunen araberakoa. Orobat, babesa, laguntza eta segurtasuna ematen die, eta mugimenduaren nukleo eragile bihurtzen ditu, haiek ezartzen baititu proiektuaren garapenaren protagonista, eredugarri eta buru gisa.
Gaur egun, EAEko 28 udalerrik osatzen dute sarea. Udalerri hauek izan ziren ekimenarekin bat egiten lehenengoak: Ordizia, Orio, Zumarraga, Hondarribia eta Añanako Koadrilako bederatzi udalerri. Haiekin batera proiektuaren lehen fasea landu zen, eta 2014an amaitu zuten, "Udalerrietan ezartzeko eta erabiltzeko gida" prestatuta. Gidaliburu horretan jaso dira herri, hiri nahiz lurralde batean lagunkoitasun programa abiarazi eta garatzeko giltzarri guztiak.
Haiez gain, orain Euskadi Lagunkoia sarearen parte dira, halaber, Idiazabal, Dulantzi, Eskoriatza, Antzuola, Eibar, Legazpi, Urnieta, Urretxu, Zarautz, Irura, Kanpezu eta Beasain, eta, asteazken honetatik, Gasteiz, Donostia eta Bilbo.