Sukaldari, soldadu eta urketarien danborrak lehenengo, kaldereroen zartagiak gero... eta inauteriak iritsi baino lehen, Inude eta Artzainen txanda heldu zen atzo. 40 urte bete dira Kresala dantza taldeak konpartsa berreskuratu zuenetik eta urteurrenaren egunean 150 pertsona baino gehiago bildu ziren Donostiako Parte Zaharreko kaleetan Sarriegiren doinuen erritmoak jarraituz dantzan.

Inude eta Artzainen 30 bikoteez gain, ohi bezala, garai bateko Donostiako gizartearen ordezkariak edo pertsonaiak ere izan ziren desfilean: alkatea eta emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, mikeleteak, barkilleroa, bota garbitzailea, piruleroa, medikua, erizainak, globo saltzailea... Gainera, aurten hipodromoak 100 urte betetzen dituela ospatzeko, zaldizko bat eta hipodromora joaten zen publikoaren bi ordezkari ere izan zituzten konpartsan, guztiak Belle Epoque garaiko estiloa jarraituz.

Kresalakoen desfileaz gain, hiriburuko hainbat auzotan ere izan da edo izango da egun hauetan Inude eta Artzainen desfileren bat, baita Gipuzkoako beste zenbait herritan ere. - N.G.