BILBO. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren proiektua Bilbon ofizialki aurkezteko ekitaldia egingo da astearte honetan, abenduaren 29an, Bizkaiko hiriburuko Azkuna zentroan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Europako beste hiriburu batzuetan egin bezala, Donostia 2016k egitarau ofiziala aurkeztuko du, oraingoan Bilbon. "Egun gutxi falta dira Donostia Europako Kultur Hiriburua izateko eta 2015. urteko azken aurkezpena Bilbon egingo da, Donostiako eta Bilboko alkateen laguntzarekin", adierazi dute Donostia 2016eko arduradunek.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta Azkuna zentroko atrioan izango da. Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Eneko Goia Donostiakoarekin batera, Pablo Berastegi DSS2016EUren zuzendari orokorrak eta Xabier Paya DSS2016EUren kultur programaren zuzendariak parte hartuko dute aurkezpenean.