GASTEIZ. Erabaki hau hartu da Asiako liztorra nabarmen gehitzen ari delako, ez Araban bakarrik, baizik eta baita ondoko lurraldeetan ere. Horren froga da aurten dagoeneko espezie horren 134 habia kendu direla, eta, 2014an, aldiz, 24 izan ziren. Araban, Asiako liztorra 2012an agertu zen lehen aldiz, eta urte hartan bi habia aurkitu ziren. 2013an ere antzekoa izan zen kopurua, zazpi habia kendu baitziren. Kezkagarriagoa da egoera

Nafarroan edo Gipuzkoan, ia mila habia kendu baitira.

Hain zuzen ere, erakundeen arteko elkarlanaren ondorioz, Arabak erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako programa informatiko berri bat egokitzea informazioa berehala on line jasotzeko, datuak integratzeko orduan atzerapenik ez izateko, eta identifikazioan bikoizketarik ez izateko eta habiak aurkitu izan diren toki guztien egoeraren erregistroa zehatzago eramateko. Gainera, lanerako ekipo berriak eskuratuko dira, bai eta hagak ere habien barrura pozoia

sartzeko.

Protokolo berriaren arabera, 112 SOS Deiak zenbakia izango da herritarren deiak zentralizatzeko gunea, eta, ondoren, aurkitutako habiatik gertuen den suhiltzaile unitatearen esku utziko da ardura. Foru edo udal suhiltzaileen eginkizuna izango da erabakitzea zer egin daitekeen eta zer metodo erabili behar den habiak ezabatzeko.

30.000 EUROKO AURREKONTUA

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 2016rako 30.000 euro izango da aurrekontua; protokolo berriak ezarriko du, berebat, habiak dauden lekutik kentzeko zer irizpide eta baldintza bete behar diren, eta lehentasunezkoa izango da herri segurtasunari gehien eragiten dioten habien kasuan esku hartzea, bai eta herriguneetatik hurbilen dauden habien kasuan ere.

Berritasun gisa, presazko kasuetan, Arabako Aldundiak kanpoko enpresa baten zerbitzuak baliatuko ditu habiak kentzeko, baldin eta suhiltzaileek egin ahal duten baino lan handiagoa badago.

Espezie honek gehitzera joko duela uste den arren, foru erakundeak lasai egoteko adierazi du. "Frantziako osasun agintaritzen arabera, han Asiako liztorra oso hedatuta dagoen arren, osasun zerbitzuek oraindik ez dute esku hartu beharrik izan liztorren eztenkadengatik: ez dago erlazio zuzenik espezie horren hedatzearen eta erietxeetan eztenkadengatik artatu behar izan diren kasuen artean" azaldu du.

Arabako Foru Aldundiko Biodibertsitate Atalak suhiltzaile zerbitzuei agindu die bertan behera uzteko habiak ezabatu eta kentzeko lanak, hasi duela bi aste eta datorren udaberrira arte. Izan ere, garai honetan, kolonia guztia hiltzen da, eta erlamak baizik ez dira geratzen, negua igarotzeko leku babesagoetan ezkutatu eta martxora arte ez baitira esnatzen, koloniak sortzen jarraitzeko.