Ikasleek, 6. mailara iristen direnean, badakite zein izango den Gabonetan egingo duten lana; zirkuitu elektriko bat osatzea, hain zuzen ere. Txiki-txikitatik, urte berriarekin batera, handiek egindako jostailu edo trikimailuen erakusketa ikusi dutelako.
Ingurune edo Natur Zientzietan, gaia lantzean zirkuitu elektriko bat sortzea izaten da proiektua. Horren bidez ikasi eta ebaluatzen da. Gainera, instrukzio testua idaztea eskatzen zaie, eraikitze prozesuan jarraitutako pausoak adieraziz. Horrela, erakusketa ikustera doazenek, ikusteaz gain, nola egiten den irakur dezakete ere. Plastika ere jorratzen da, materiala manipulatu, lotu, sortu, eraiki... egiten delako. Ekintza honen bidez DBH-ko teknologia arlora hurbiltzen dira. Zeharka gaitasun asko lantzen dira.
Guzti horretaz gain, gurasoen inplikazioa nabarmendu behar da, seme edo alabaren ondoan denbora ematen dutelako. Elkarren ondoan, eskuz-esku zerbait eraiki-tzeak konplizitatea sortzen du eta horrelako arreta seme-alabekiko kalitatezko denbora eskaintzea da. Horregatik, zenbaitetan neska-mutilentzat oparirik ederrena izaten da.
Oporrak bukatu eta eskolara bueltatzeko gogoz egoten dira. Ikustekoa da nola etortzen diren, beraiek sortutakoa tarta erraldoia eskutan izango balute bezala, ezin eutsiz, irria aurpegian eta irriketan lagunei erakusteko.
Eta zuri, irakurle, gonbidapena luzatzen dizugu gugana etortzeko eta erakusketa ikusteko. Badakizu 2016aren hasieran elkar ikusteko aukera izango dugula.