Euskararen eta euskal kulturaren historian badira, noski, ekintza esanguratsuak, baina azken mendean kokatuko lirateke aipagarrienak eta eragin handiena izan dutenak. Eta hori aurkako aldi luze eta arriskutsuak falta izan ez diren arren. Burutapen horiek etorri zaizkit ospatu behar den Euskararen Egunaren harira, gogoratuz bidenabar, Eusko Ikaskuntza izan zela efemeride hori asmatu eta finkatu zuena.
Izan ere, XX. mendearen lehenengo erdian, euskararen eta euskal kulturaren ekintza nagusien eta eraginkorrenen sor-tzaile eta bultzatzaile izan zen. Bi urteren buruan beteko ditu ehun urte Euskal Herriko lurralde guztiak hartzen dituen erakunde honek, eta iraupen hori bera ere meritua da, ez baita erraza gure historian horrenbeste irautea horrelako elkarte batek, are gutxiago hain mende katramilatsuan. Halere, mendeurrenetik hurbil den arren, lanean tinko jarraitzeko gogorik eta indarrik ez zaio falta.
Eusko Ikaskuntzaren ibilbide zientifikoan antolatu eta ospatu diren Kongresuak izan dira, nola kultura mailan hala zientzia arloan, haren emaitzarik nabarmenenetakoak eta gure herriaren erreferente deigarriena hainbeste urtez. Kongresu horiek unibertsitatearen falta betetzen zuten neurri batean, orduko zientifiko eta irakasle unibertsitario gorenak bilduz eta giza zientzia eta kultura jakintza arloak landuz. Bi direla esango nuke kongresurik esanguratsuenak: Lehenengoa (Oñati, 1918) eta Zazpigarrena (Biarritz, 1948). Oso egoera ezberdinetan garatu ziren arren, elkarren artean berdintsuak diren berezitasunak dauzkate eta biek eman zioten gure herriari, kultura eta zientzia mailan, ordura arte izan ez zuen presentzia. Eta oraindik ere haien emaitzak jasotzen ari gara.
Lehenengoa antolatzeko asmoa, eta antolaketa bera eta babes osoa, foru aldundiei zor zaie erabat. Lau aldundietako lehendakariak euren ekimenez kongresuaren antolaketarako argi zuzia izan ziren, hastapeneko urratsak eman eta egin beharrekoak beren artean bananduz. Kongresuaren barne-antolaketa eta gaien hautaketa Bizkaiko Aldundiak hartu zuen. Partaideen harrera, ostalaritza, komunikazioa eta marketina eta jaien antolaketa Gipuzkoakoak. Kongresuko barne-araudia prestatu eta idaztea Arabakoak. Nafarroak, dena ikuskatu eta onartzea. Hizlarien hautaketa, aldiz, lurralde guztien artean egin zen. Mugaz alde bietako intelektual, ikertzaile eta unibertsitateko irakasle aipatuenak bilduko ziren hautatutako jakintzaren zazpi arlo lantzeko. Benetan, handia eta zabala izan zen eratu zen egitarau zientifikoa. Horrez gain, kultura, kirol eta mota ezberdinetako hainbat ekitaldi ere programatu ziren.
Esan bezala, hona ekarri nahi dudan beste kongresua Zazpigarrena da, 1936ko irailean Lizarran hasteko antolatua zegoena, baina gerra zela eta bertan behera utzi behar izan zena. Hamabi urte luze eta ilunen ondoren Biarritzen ospatu zen 1948an, irailaren 12tik 19ra. Aspaldiko ideia hura berreskuratzea eta aurrera eramateko kemena Manu de la Sotari esleitu eta eskertu behar zaizkio. Gizakume trebez inguratu zen, batez ere Iparraldean Gernika Euskal Institutuan eta, noski, Eusko Ikaskuntzak kanpoan aritzeko izan zuen hedaduran, Eusko Ikaskuntzen Lagunartea-Société Internationale des Etudes Basques-Sociedad Internacional de Estudios Vascos izendatuan eta honen baitan sortua izan zen Ikuska giza-ikerketarako institutuan. Izugarria izan zen antolatzeko hartu zen lana eta mundu guztian gutunak banatuz parte har-tzeko eman zen aukera. Jaurlaritzaren babesa izan zuen, Jose Antonio Aguirre lehendakariarena bereziki, eta, aurrera eramateko, Ameriketan zeuden euskaldunen laguntza ekonomikoarekin ere hornitua izan zen. Lau hizkuntzetan eskaini zen programa, eta, euskaltzale guztiez gain, nazioarteko jakintsu kopuru ugariak parte hartu zuen: denera, 15 jakin-arlo eta 250 txosten.
Arrakastatsua eta aberatsa izan zen kongresu hura ere, argitaratu ziren lanek agertzen duten bezala. Ondorioak asko eta funts handikoak izan ziren eta, beraz, Eusko Ikaskuntzaren gain gelditu zen egitekoa bereziki handia izan zen. 1949. urtean garatzeko, hamazazpi ekin-tzetara ekarri zuten dena. Horietan garrantzi-tsuena, eta mardulena, Euskal Unibertsitatea sortzea, zeinetarako batzorde berezia sortu zen. Bestalde, euskal kultura eta euskararen inguruan beste ekintza kopuru handi bat. Eta horien artean, atal berezian aipatzen zena, Euskararen Eguna. Horrela zioten: “Lotsa handia litzateke guk, Euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea”. Bide batez, urtean behin egun horretan hain zuzen, mundu guztiko euskaldunei euskara landu eta indartzeko diru laguntza eskatuz eta diru hori zertan erabiliko zen argituz. Gero Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiarekin batera, 1995. urtean berpiztu zuen, eta ordutik, abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierren egunean, Euskararen Eguna ospatzen jarraitzen dugu.
1948. urtean ezarri ziren helburuak lortuak daude, ondo gainera. Orain, egin beharrekoak beste batzuk dira eta Eusko Ikaskuntza gaurko garai eta erronka berriei erantzuteko eguneratu egin da eta buru belarri ari da lanean, sorkuntzako helburuei erantzunez, euskal gizarteari etorkizunerako bide berriak bilatzen eta erakusten laguntzeko. Eta, aldi berean, gure aurrekoen eredu onari eutsiz, hurrengo XVIII. Kongresuari eta, batera, 2018. urtean ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren sorkuntzaren mendeurrenari dagokien maila emateko. Horrela sortu zen Euskararen Eguna, garai bateko egoera larrietan, baina hantxe zen Eusko Ikaskuntza ahaleginean aurreko kongresuei jarraia ematen eta gure herriaren arnasari eusten. Orain, egoera guztiz aldatua, denok jai giroan ospatzen dugu Euskararen Eguna itxaropenez eta pozez.