BILBO. El Salvadorreko gune hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta NBE Emakumeak erakundeak batera bultzaturiko proiektuaren emaitza da. Bertan, berdintasunaren aldeko euskal udal politikak eredu bezala aurkeztu dira, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Emakunde alor honetan duen esperientzia aurkezteko gonbidatu dute, eta, udal eremuan bultzatzen dituen berdintasun politikak Eudelekin elkarlanean egiten dituenez (Berdinsarea, Berdinbidean edo erakunde arteko hainbat eremuetan), Euskal Udalen Elkarteak ere parte hartu du gonbidatu bezala nazioarteko gune honetan. Modu honetan, El Salvadorren izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Ibon Uribe Eudeleko berdintasun arduraduna, erakunde bakoitzeko teknikariekin batera.

Gunearen helburua euskal udaletan berdintasunerako tokiko araudian egin diren praktikak azaltzea izan da, baita berdintasuna bultzatzen duten tokiko agendena. Eremu honetako erronka nagusiak eta orain artean ikasitakoak erakutsi ditu El Salvadorren euskal ordezkaritzak.

Emakundek Berdintasunerako Euskal Legearen onartu zenetik hamar urte hauetan eman diren aurrerapausoak azpimarratu ditu bertan, eta horrekin batera azaldu ditu Euskadiko Berdintasunerako Planak eta araudiari egiten zaion aurretiazko ebaluazioa genero ikuspegitik.

Emakundeko zein Eudeleko ordezkaritzek erakundeen arteko hamar urte baino gehiagoko lankidetza estrategikoa azpimarratu dute, eta elkarlan horren emaitzak azaldu dituzte, hala nola gazteen artean sexismoa prebenitzeko Beldur Barik programa, Berdinsarearen barruko emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako batzordea, Virginia Wolf Basqueskola euskal emakume hautetsientzako ahalduntze eskola edota berdintasunerako udal ordenantzak.

Gunea "Mujeres y políticas municipales a favor de la igualdad en El Salvador" proiektuaren barruan egin da, eta proiektu hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bultzatu du.

Bere helburua udal gestioaren ikuspuntu tradizionala gainditu eta berdintasunean oinarritutako tokiko garapenerako gestioaren alde egitea da, berdintasunaren araudia indartuz, eta genero ikuspegia duten programa eta aurrekontuak sortuz.