BILBO. Ekitaldia EiTBren laguntzaz gauzatuko da Eusko Legebiltzarrean eta zuzenean eskainiko da ETBtik ostegunean, 09:00etatik aurrera.

Eusko Legebiltzarreko iturriek prentsa ohar baten bidez adierazi dutenez, "euskara plazan da, auzoko eta munduko plazan", eta hori aldarrikatuko dute ekitaldiak berak eta erakundeok egunerako prestatu duten mezuak.

Bernart Etxepare eta Koldo Mitxelena izango dira ekitaldiko bi erreferentziak.

Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko lankidetzari esker, euskaraz ezagutzen den lehenbiziko liburua polonieraz, hebreeraz, finlandieraz, nederlanderaz, georgieraz eta errusieraz argitaratuko da eta aurkeztuko da lehenengo aldiz. Ekitaldian, Koldo Mitxelena hizkuntzalari euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrena gogoratuko da eta omenaldia eta aitortza egingo zaio.

Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak 2011. urtean lankidetza hitzarmena izenpetu zuten. Hitzarmen honetan, besteak beste, elkarrekin liburuak argitaratzeko ahalbidea ageri da. Hori dela eta, 2011. eta 2013. urteetan, Bernart Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae" liburua berrargitaratu zen, hainbat hizkuntzatan.

Lehenbizikoa, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz, eta bigarrena, galegoz, katalanez, errumanieraz, kitxuaz, txineraz eta arabieraz. Halaber, bi edizio horietan liburuaren faksimilea eta euskarazko gaurko grafiara ekarrita testuak ere argitara eman ziren, sarrera eta aurkezpenekin batera.

Oraingo honetan, B. Etxepareren "Euskara Jalgi Hadi Plazara" aldarria gogoratuz, "jada euskara plazan dagoela azpimarratzeko", goiburu horrekin egingo da ekitaldia, Eusko Legebiltzarrean, 09:00etatik aurrera, eta EiTBk zuzenean emango du, zabalkundean EiTB lankide izango baitute Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak.

BESTE SEI HIZKUNTZATAN

Ekitaldian, Etxepareren idatziak eskainiko dira polonieraz, hebreeraz, finlandieraz, nederlanderaz, georgieraz eta errusieraz, hizkuntza horien eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren arteko sarrera-azalpen bat bidelagun dutela -Xabier Kintana euskaltzainak eta edizio arduradunak paratua-.

Era berean, Frantziako Biblioteka Nazionalean gorderik dagoen Etxepareren faksimilea eta euskarazko gaur egungo grafiara ekarririko testuak ere jaso dira argitalpenean.

Euskal testuaz eta aipaturiko itzulpenez gainera, argitalpen berriak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzaurre bana jaso ditu.