DONOSTIA. Hala jakinarazi du ostiral honetan Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Julian Iantzi ETBko aurkezlearekin batera egindako Poziktibity proiektuaren 2015. urteko lehenengo bideoaren aurkezpenean. Donostiako Gu tabernan izan da aurkezpena, eta Valladolid futbol taldeko entrenatzaile Gaizka Garitanok ere hartu du parte, nahiz eta ez den bertan egon.

Baztarrikak gogorarazi du Poziktibity euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua dela eta, dagoeneko, urtebete igaro dela kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. "Kontzeptu edo ideia soil bat baino gehiago bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da", azaldu du.

Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak, eta ostiral honetan aurkeztu den etapa berrian ere proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (prentsaurrekoan, adibidez, Iantzi eta Garitano), baina egunerokotasuneko une soil eta arruntetan oinarrituko da, eta bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango dira. Halaber, aurten, ekimenak ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu, eta lehenengoa partekatzea izango da.

Baztarrikak adierazi du egunero partekatzen ditugula hizkuntza, bizipenak, algarak edo hasperenak, eta hori egitea bizitzea dela, "hizkuntza bizitza bera baita". "Gauden garaia, uda, partekatzeko une bereziki aproposa da, hondartzan egiten ditugun orduak, lagunekin disfrutatze ditugun jaiak, bazkari ondorengo solasaldiak partekatzeak bizitzari zentzua, gatza ematen dion kontzeptua da", esan du.

Horrela, aurten azpimarratu nahi da Poziktibityren ingurua "denok osatzen dugula". "Horrexegatik mundu guztia izango da protagonista gaineratu du-, bizitzaren eguneroko istorio, esperientzia eta bizipenak izango baitira landuko direnak".

WEBGUNE BERRITUA

Bizipen horien ikusle zein protagonista mundu guztia izan daiteke, eta, horregatik, hori guztia https://poziktibity.eus webgune berriutan jasoko da. Bideoak protagonista izaten jarraitzen du webgunean, eta bertan jasotzen dira egunero bizi izaten diren egoerak, arruntak denak, ohikoak, printzipioz ezer berezirik ez dutenak, baina gure bizitza osatzen dutenak. "Eta egoera horietan guztietan entzuten da euskara", adierazi du Baztarrikak.

Bideoa ikusteko aukeraz gain, eduki asko ere aurki daiteke bertan. Izan ere, orrialdea bisitatuz gero, hainbat iturritatik datorren informazioa aurkituko du erabiltzaileak: Facebook, Twitter, Instagram, Youtube. Gainera, beste zenbait berritasun baditu webguneak: alde batetik, bloga egongo da, astez aste testuak, bideoak, argazkiak eta abar jasoko dituena; bestetik, pertsona ororen bizitzan ezinbestekoa den elementua izango du: musika; eta, azkenik, egingo diren zozketei buruzko informazioa agertuko da.

"Poziktibityk jendeari baikortasuna transmititu nahi dio. Geroz eta pertsona gehiagok proiektuarekin bat egitea nahi dugu, bere helburuarekin identifikatu eta, ondorioz, euskarara hurbiltzeko. Batzuetan zaila izan daiteke egoera batekin identifikatzea, baina gure helburua da eguneroko istorioen bidez erakustea pentsatzen duguna baino egoera gehiagotan egin dezakegula euskaraz", azaldu du Baztarrikak.