Bilbo - Asier Amondo Korrika arduradunak, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaileak eta AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek 19. Korrikaren balorazioa egin zuten atzo Bilbon, eta inoizko jendetzarik handiena bildu duen, eta, azken finean, Korrika “handiena” izan dela nabarmendu zuten.
Korrikan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei zorionak eta eskerrak emanez hasi zuen agerraldia Amondok. Jarraian, esan zuen seguru aski, “inoizko abiatzerik indartsuena” izan zela Urepelen martxoaren 19an, Korrika abiatu zenean, eta igandeko bukaeraz, Bilbon ikusi zen “euskaltzaleen uholdea zoragarria” izan zela azpimarratu zuen, Bizkaiko hiriburuko kaleetan bizitakoa, goiz goizetik, “Korrika honen adibiderik esanguratsuena” izan zela ziurtatuz.
“Emozioz jositako Korrika bizi izan dugu. Oso hunkituta gaude AEKren familia osatzen dugun guztiok. Korrikak piztu dituen emozioak eta sentimenduak egunero eta bitarteko desberdinen bidez zabaldu dira. Hamaika argazki, bideo, mezu, txio gorde ditugu adibide moduan. Beraz, esan dezakegu, euriak blaitu bagaitu ere, Korrika uholdea izan dela, jende uholde beroa euskararen garra 11 egunez pizturik izan duena. Jende uholderik handiena izan dela diogu 2.500 kilometro horietan inoizkojendetzarik handiena ikusi dugulako”, azaldu zuen.
Halaber, kontinente guztietan 50 bat Korrika txiki azaltzen ari direla egun hauetan adierazi zuen. Hedapenari eta jarraipenari dagokionez ere, inoizko Korrikarik handiena izan dela azpimarratu zuen Amondok, eta hedabideek egin duten jarraipena ere goraipatu zuen, horrek ere lagundu duelako Korrikaren arrakasta ziurtatzen.
Jarraian, Mertxe Mugikak hartu zuen hitza, “Hemendik aurrera zer?” galderari erantzuna emateko asmoz. Horrela, bere hitzetan, Lorea Agirrek idatzitako mezuan azpimarratu den bezala, “auzia ez da izan ala ez izan, baizik eta ekitea”. “Egiten duguna gara. Izatea egitea da”, adierazi zuen. Mugikak azaldu zuen 19. Korrikak hainbat mezu indartu dituela. Alde batetik, Euskal Herriko herritarrek “inoiz baino ozenago aldarrikatu dugu euskaraz bizi nahi dugula eta edozeren gainetik lortuko dugula”, eta, era berean, euskaltegien izaera estrategikoa agerian geratu dela azpimarratu du. “Euskararen normalizazioan rol estrategikoa jokatzen du helduen euskalduntzeak. Belaunaldi berri eleani-tzak behar ditugun bezala, helduagoa den jendartean euskararen partidari heltzeko aroan gaude”, esan zuen. - EP