BILBO. Koldo Agirregomezkorta azken eguneko jaiaren arduradunak egitarauaren eta Areatzako gune ezberdinei buruzko informazioa eman du, eta 19. Korrikaren arduradun Asier Amondok orain arteko egunen balorazio laburra eskaini du, "euskahaldunon parte hartze handia" azpimarratuz, eguraldia kaskarra izan arren.
Halaber, 19. Korrikaren jarraipena egiten ari diren komunikabideen lana eskertu du Amondok, eta iragarri du Korrikaren bukaera eta lekukoari egingo zaion harrera zuzenean jarraitu ahal izango dela euskarazko hedabideek egingo duten saio bateratuari esker, hain zuzen, Urepeleko hasieran gertatu zen moduan.
Horrela, Agirregomezkortak azaldu duenez, Bilbon egingo den bukaerako jaiak sei gune izango ditu: San Nikolas (eliza aurrealdean), Areatza, Arriaga plaza, Erripa, Bilbo Zaharra eta Zazpi Kaleak. Lekukoari eguerdiko 12:30ean egingo diote ongietorria San Nikolas gunean, eta hortik aurrera, ekitaldiz beteriko egitaraua izango da egun osoan zehar.
Kontzertuak (Kherau, Anje Duhalde, Eskean Kristo, Betagarri, Ze Esatek, Elortegi Anaiak, Revolta Permanent), euskal produktuen dastaketak, dantza, antzerkia, magia, umeentzako jarduerak, artisau erakusketak bat eta kale animazioa izango dira Bilbon 199. Korrikari agur esateko.
Ibilbideari dagokionez, Amondok azaldu duenez igande goizeko 07:16an sartuko da Bilbon Korrika 19, Enekuritik, eta Deustua, Zorrotza, Errekalde, Indautxu, Abusu, Alde Zaharra, Santutxu Guggenheim aldea eta bezalako tokiak zeharkatu ondoren, eguerdiko 12:25 aldera iritsiko da San Nikolasera, Areatzako zubia gurutzatuta. Urepelen lekukoaren barruan sartu zen mezua ezagutzeko unea iritsiko da orduan. Horrela, eguerdiko 12:30ean Korrika bukaerako ekitaldia hasiko da, eta bukatu bezain laster hasiko da garatzen azken jaiaren egitaraua.
ZUZENEAN
Gainera, Korrikaren bukaera eta lekukoari egingo zaion harrera zuzenean jarraitu ahal izango da euskarazko hedabideek egingo duten saio bateratuari esker. Saioa goizeko 11:30ean hasiko da, eta, besteak beste, Bilboko ibilbidea zuzenean ikusi ahal izango da.
Saioa ETBko Ilaski Serranok eta Hamaika TBko Nagore Uriartek aurkeztuko dute, eta elkarrizketatzaile gisa 'Berria' egunkariko Gotzon Hermosilla eta Uriola.eus-eko Lur Mallea arituko dira. Telebistaz zein streaming bidez ikusi ahal izango da 13:15era bitartean iraungo duen saioa.
Azkenik, Amondok esan du oraindik goiz dela 19. Korrikaren balorazioekin hasteko, eta datorren astean egingo du AEK-k balorazio ofiziala, "azken egunotan zein azken hilabeteetan bizitakoaz, euskahalduntzerako deiaren zabaltzeko gaitasunaz eta abarrez".haienak egin dituzte oinarri horiek.