BILBO. Euskadira egin duten bisita Euskadiko Polizia eta Larrialdietako Akademiak koordinatu du eta Kataluniako Segurtasun Publikoaren Institutuak ematen duen Kataluniako Poliziaren Kidegoen Inspektore izateko ikastaroko prestakuntza-programan sartzen da.

Gaur, asteazkena, promozio horretako zortzi ikaslek (Kataluniako Tokiko Poliziaren eta Portuko Poliziaren kidegoetakoak direnak) euren prestakuntzako arduradun batekin batera, Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusiko instalazioak bisitatu dituzte.

Harreman Instituzionaletako eta Komunikazio Zerbitzuko Intendente Nagusi Lucio A. Cobosek agurtu ondoren, inspektore izan nahi duten ikasleek Ertzaintzako egitura eta funtzionamendua bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte, baita lan-sistemak, giza baliabideak, baliabide materialak eta Ertzaintzaren eskumenak ere. 2013-2016 aldiko Horizonte Plan Estrategikoa ere aurkeztu diete. Plan hori gizartearekin konprometituta dagoen polizia integralaren ereduaren alde egiten duen programa bat da. Horrez gain, pertsonen bizikidetza eta ongizatea sustatzea dago bere helburuen artean.

Bisita Polizia Zientifikoaren Unitatearen egoitzan egin duten ibilbide batekin osatu da. Unitate horretan, Ertzaintzako espezialistek nola lan egiten duten jakin dute, esaterako, diziplina hauetan: lofoskopia, dokumentoskopia, balistika, genetika edo ikuskatze okularrak.

Kataluniako poliziako ikasle-talde honek Euskadira egin duten bidaian, atzo (astelehena) hizketaldi moduko topaketak egin zituzten sergurtasun publikoari buruz, Bilboko Tokiko Poliziako eta Bilboko Portuko arduradunekin.