BILBO. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Maria Angeles Elorza Bruselan da egunotan, Eskualdeetako Lantaldearen seigarren legegintzaldiko hasierako saioan parte hartu eta Lakuako Gobernuak proposatutako 17 zuzenketak Iñigo Urkullu lehendakariaren izenean aurkezteko.

Osoko bilkura asteazkenean eta ostegunean da egitekoa, Bruselan, eta Eskualdeetako Lantaldearen bost urteko legegintzaldi berriari bide emango dio. 2014ko maiatzean Europako Parlamenturako egindako hauteskundeen ondotik, batzordeak kargu guztiak berritu beharko ditu, hala nola presidente berria hautatu, programa politikoa egokitu eta lantaldeak eratu.

Organo horrek 350 kide ditu, besteak beste, 15 autonomia presidente eta bi sailburu, autonomia erkidegoen izenean. Euskadiren kasuan, Iñigo Urkulluk kide titular gisa jarraituko du, María Angeles Elorza ordezko kide duela.

Gainera, osoko bilkuran parte hartuko dute Europako Batzordeko lehen lehendakariorde Frans Timmermansek, Merkataritzako komisario Cecilia Malmströmek eta Letoniako Europako gaietarako estatu idazkari Zanda Kalnina-Lukasevicak, Letoniaren esku dagoelako presidentetza.

Europako hainbat ekimen aztertuko dira bi egunetan Bruselan, eta Eusko Jaurlaritzak 17 zuzenketa proposatu ditu ingurumen eta lan arloetan. Zehazki, ekonomia zirkularraren -hondakin kopurua murrizteko, birziklatu eta lehengai bihurtzea- aldeko EBren neurri sortari dagokionez, Jaurlaritzaren iritziz, "ekonomia zirkularrera aldatzeak ezinbestean ekarri behar du hondakinen prebentzioan eta berrerabileran sakontzea, balio kate osoa aintzat hartuz eta material birziklatuen erabileraren sustapenari garrantzia berezia emanez".

Gainera, Lakuaren ustez, "hondakinetatik berreskuratutako materialak eta horien bidez ekoiztutako produktuak merkaturatzea lagundu behar da, horretan diharduten guztiei lege-esparru bateratua eta aukera ekitatiboak eskainiz".

Ekoizlearen erantzukizunari dagokionez, ekoeraginkortasuna eta ekodiseinua sustatzeko betebeharrari eustea proposatu du Jaurlaritzak, barne hartuta osagaien eta materialen bateragarritasuna, berrerabilgarritasuna eta birziklagarritasuna, produktuen balio bizitza luzatu ahal izateko edo, behin hondakin bihurtuta, berrerabili ahal izateko.

Azkenik, Lakuaren esanetan, Europak ezarritako birziklatze helburuak betetzeko, Europako Batzordeak, ebaluazio irizpide objektiboez gain, egin beharreko urteko txostenetako ebaluazioen homogeneotasuna bermatzeko laguntza metodologikoak eskaini beharko lituzke.

LAN OSASUNA ETA SEGURTASUNA

Bestalde, 2014-2020 aldiko Laneko Osasun eta Segurtasunerako EBren Esparru Estrategikoari buruzko Irizpenari dagokionez, Jaurlaritzaren iritziz, Europako Batzordeak proposatutako sare laneko antolaketa ereduak prebentzioko agente guztiak barne hartu behar ditu, hala eskualde mailakoak, nola tokikoak, kasuan kasuko ekoizpen jarduerak gertuagotik ezagutzen dituztelako.

Halaber, arauak homogeneizatzeaz gain, laneko osasun eta segurtasuneko ereduak ere homogeneizatzea proposatu du Jaurlaritzak, praktikan, horietan gauzatzen direlako arauek zehaztutako alderdiak.

Era berean, ETEei zuzendutako Ekintza Plan Ekologikoari eta EBren Enplegu Berdearen ekimenari dagokienez, Eusko Jaurlaritzak ekonomia berdearen printzipioak betetzen dituzten enpresen aldeko diskriminazio positiboko mekanismoak ezartzea iradoki du. Horretarako, tokiko tasak eta zergak murrizteaz gain, kontratazio publikoa erabiliko litzateke.

Gainera, Europako Batzordea ingurumen tasak eta zergak ezartzearen alde dagoenez, Jaurlaritzak adieraziko du ingurumeneko erantzukidetasuna sustatzearen aldekoak izan behar direla, ez diru bilketa soilera bideratutakoak, baizik eta zergapekoen ingurumen portaera hobetzera bideratutakoak.

Eusko Jaurlaritzak ingurumen-kudeaketako sistemen erabilera sustatzea proposatu du, zehazki, EMAS europar sistema erabiltzea. Hala, enpresek kultura ekologikoaren ikuspegitik hartuko dituzte erabakiak, modu eraginkorragoan jardunez eta herritarrei ingurumen portaerari buruzko informazio hobea eskainiz.

Ekonomia berdearen esparruko Europako ziurtagiri bateratua sortzearen alde dago Jaurlaritza. Izan ere, bere iritzian, epe luzean aurresangarritasuna eta segurtasun juridikoa eskainiko ditu, aurretiaz jakin ahalko delako zein izango den lege interpretazioa desadostasun juridikoak dauden askotariko kasuetan.