EGUNA hodeitsu hasi zen arren, berehala hurbildu zen eguzkia Tolosara, bertako guztiei euskara ahora ekartzen laguntzeko. Milaka pertsona izan ziren atzo pausoz pauso Laskorain ikastolari laguntzen. Orain dela hamabost urte ospatu zen azken aldiz Kilometroak herri honetan, eta azken urteotan behin eta berriz saiatu eta gero, atzo izan zen Laskorain ikastolaren eguna.
Zabalarreta parkean izan zen irekiera ekitaldia. Zerurantz begira zeuden globo berde batzuez inguraturik, Udaberri dantza taldekoak izan ziren parte hartzen lehenak, agurra dantzatu baitzien bertan zeuden guztiei saxofoiak eta teklatuak lagunduta eta ondoren, ikastolako ikasle batek bertsoa abestu zuen.
Laskorain ikastolako lehendakariak, Joxan Oizek, eman zion ongi etorria bertara gerturatu zen jendeari. "Beharrak ekarri gaitu hona, hamar gela gehiago behar genituen ikastolan", aitortu zuen. Bestalde, lanean aritu direnei eskerrak eman zizkien eta harrotasuna besterik ez zuela sentitzen esan zuen, "Laskorain ikastola jende langilez beteta dago eta". Tolosako alkatea, Ibai Iriarte, oso gustura azaldu zen ikastolak egindako lanarekin, eta festaren garrantzia azpimarratu zuen. "Ospakizun eguna da, baina euskaraz bizi nahi dugunon aldarrikapena ere bada", adierazi zuen, hezkuntza sistemaren trabak aipatzean.
Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburua, ados azaldu zen berarekin eta elkarlanak duen indarra nabarmendu zuen sailburuak. "Horrela lortuko dugu LOMCE legeari aurre egitea", animatu zuen, eta denen ahalegina beharrezkoa dela adierazi zuen.
Arantza Manterolak, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, irrika berezia erakutsi zuen, "Tolosak mugarri bat ezar-tzen baitu beti", iñauterien hiriburu izanik, festa honetan ere, bere indar guztiak jartzen baititu. Manterolak ere elkarlana aipatu zuen, ikastolen artekoa hain zuzen ere, Laskorain "bailaran erreferentzia bat" delako eta batxilergoan Irura, Anoeta, Ibarra eta Villabonako ikasleak jasotzen dituelako.
Gainera, legeari aurre egiteko beharra ere azaldu zuen eta Kilometroak eta Nafarroa Oinezen artean, hurrengo astean Bilbon dagoen manifestaldia gogorarazi zuen. "Ez gara geldirik egongo, legearen aurka zerbait egin beharra dago", zioen. "Eran-tzun egingo diogu ikastolen aurkako eraso bortitz honi", aditzera eraman zuen Seaskako ikastolen egoera nabarmenduz.
Martin Garitano, Gipuzkoako Aldun Nagusiak, azkenik, euskal herritar guztien eguna dela adierazi zuen, "denok euskara biho-tzetik ahora eramateko eguna". Gaurtik aurrera ere horretan jarraitu behar dela azpimarratu zuen.
Ikastolako abesbatzak eta dan-tzari talde batek eman dio azken ukitua irekiera ekitaldiari, Emeterio Zaldibia zuzendari ohiak xingola moztu baino lehen.
ibilbidea
Adin guztientzat aukera zabala
Goizean goiz sarreretan lanean aritu direnak ez dute deskantsa-tzeko astirik eduki. Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu zen jendea euskara ahora ekarri eta Laskorain ikastolari egun handi honetan beraien laguntza eskain-tzera.
Sei gune handitan banatu zen Tolosa: Ikastola Berria, San Blas, Zumardiandia, Lizardi, San Esteban eta Usabal ikastola. Guztiak bete ziren, bakoitzak jende mota bat erakartzen zuelarik. Bi ikastolak familien aisialdirako leku aproposak izan ziren, besteak beste, pailazo, jolas, txotxongilo tailer eta gaztelu puzgarriz beteta izan baitziren egun osoan zehar. Beste gune batzuk gazte jende mordoa bildu zuten. Bertako kontzertuak zirela eta, San Blas eta San Estebaneko guneak txiki geratu ziren, baita Lizardi ere, Erronkako finala ikustera gerturatu ziren guztientzat.
Hala ere, ibilbidean zehar ere hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izan zen. Erraldoiak, Irrien lagunak, Udaberri dantza taldea... baita tolosako txaranga eta talde ugari entzuteko aukera ere. Musikako akordeoi taldea, Tolosa Kantari eta beste tolosar ugarik alaitu zuten Gipuzkoako ikastolen festa.
Ibilbidean zehar giro aparta egon zen egun guztian zehar, baita guneetan ere. Beste behin, Laskorain ikastolak biltzen duen jende kopurua eta Tolosako biztanleen festarako gaitasuna nabarmen erakutsi ziren ikastolen ospakizun handian.
Testigua orain Orioko ikastolari pasa zaio, hurrengo urteko kilometroak antolatzeko eta euskara bultzatzeko arduranaduna.