Donostia. Kuttunena, maitatuena, urtean zehar gehien faltan botatzen dutena... Donostiar bakoitzak biho-tzean gordetzen du Aste Nagusiko ekitaldiren bat eta gero eta gehiagok Abordaia aukeratzen dute. Hori bistan dago atzokoa ikusi eta gero. Donostiako portuak irudi ezin hobe bat oparitu zuen berriro: baltsak, flotadoreak, Piratak uretan eta inguruko harresietan eta, batez ere, giro ederra eta jende asko ondo pasatzeko prest.

Paleak, flotadoreak, gurpilak, kañak, erratzekin egindako arraunak... Imajinazio asko erakutsi zuten atzo Donostiako Piraten urtebetetzean. Hamar urte bete dituzte aurten eta forma oso onean ailegatu da taldea 2012ra. Koadrila gutxi batzuk hasi ziren plan alternatibo hau bultzatzen eta programaziotik kanpo urte batzuk pasa ondoren, orain ezinbestekoa bihurtu da Abordaia. Atzo, ia 500 itsasontzi eta 3.000 pertsonek parte hartu zuten eguzkia lagun eta kapitain berri batekin: Fermin Muguruza kantaria.

Katxiporreta koadrilako neskak, arranplan eserita hiria abordatzeko prest zeuden. Ainara Jorrín, Josune Marín, Amaia Manrique eta Ariane Ladrónek esperientzia zeukaten eta lasai zeuden. Goizean ordubete pasatu zuten txalupa prestatzen: "Hiru pale erabili ditugu. Joan den urtean egin genuena baino handiagoa da eta erreza izan da montatzea", esan zuten.

Hondartzara iristen ez baziren, paipoak zituzten, "por si acaso". "Hala ere, giroagatik eta oso ondo pasatzen dugulako etortzen gara, ez du inporta heltzen ez bagara", azpimarratu zuten. Koadrila batek behintzat ezin izan zuen atera ere egin baltsa ebatsi ziotelako eta oinez joan izan behar zuen Kontxara.

One pig taldekoak, berriz, atzo estreinatu ziren. Odei Agües, Julen Zabala, Ekaitz Etxandi eta Iker Armendariz bere gelako neskak ateratzen zirela eta animatu egin ziren Abordaian parte hartzera. "Garajean genituen gauzekin egin dugu baltsa. Bi pale hartu ditugu, ez dugu diru asko gastatu eta gainera asko lagundu digute beste koadrilakoek", adierazi zuten 16 urteko gazte hauek.

Pillikuko taldeko neskek (Ane Galartza, Ainhoa Larrañaga, Enara Fradejas, Andrea Bosch, Verónica González, Ainhoa Sánchez, Oihana Labaien eta Eider Manso) esan zutenaren arabera, txalupa aurreko urtekoekin konparatuta okerrago atera zitzaien. "Joan den urtean paleak eta banku bat erabili genituen eta aurten lau pale eta bost gurpil. Ordu pare batez etxean aritu gara eta hemen hiru ordu laurden. Flotadoreak txinoan erosi ditugu", esan zuten. Neska hauen iritziz "giro onarekin disfrutatzeko" eta "lagunak egiteko" aukera da egun hau.

Guztiak azken ukituak ematen ari zirenean eta bisitariak ere hurbiltzen ari zirenean heldu zen sorpresa: Fermin Muguruza irundar abeslariak bi orduko kontzertu bat eskaini zuen Ciudad de San Sebastián katamaranetik. Bost urte pasata, Aste Nagusira bueltatu zen Piraten urtemuga ospatzeko. Goizean Muguruzak berak konfirmatu zuen sare sozialetan kontzertua emango zuela Abordaia hasi baino lehen, 16.00etan. "Duela hamar urte haiekin kolaboratzeko eskatu zidaten. Begira non dauden orain. Donostia gurea da!", esan zuen.

ohiko musikariekin

Bi orduko kontzertua

Muguruzarekin batera Zuloak taldeko neskak izan ziren barkuan abesten: horiek izango dira Zinemaldian aurkeztuko duen dokumentalaren protagonistak. Ohiko musikariak ere izan zituen alboan -Xabi Solano (trikitixa), Jon Elizalde (tronboia), Lombi (tronpeta) eta Bad Sound System taldea- eta bere ibilbideko zenbait abesti errepasatu zituen: Maputxe, Ezin ihesi Berlin, Euskal Herria Jamaica Clash, Plastic Turkey, Yalah, yalah, Ramallah, Big Beñat eta Dub Manifest, besteak beste.

Presoak eta errefuxiatuak aipatu zituen Muguruzak eta Hator, hatorren bertsio bat dedikatu zien. La línea del frente eta Sarri Sarri ere moldatu zituen. Kantu horien aurretik Ezkila Kapitainak, Maddalen Lizasok, txupinazoa bota zuen Abordaiari hasiera emateko. "Euskalduna, parte-hartzailea eta berdintasuna aldarrikatzen duen hiri bat nahi dugu. Zapia buruan eta arrauna eskuan, goazen Donostia abordatzera! Lortu dugu eta edozer gauza da posible!", oihukatu zuen Lizasok.

Sarri Sarrirekin ia bi orduko kontzertua bukatu zen eta 3.000 Piratek Kontxako hondartzarako bidean jarraitu zuten.