AURREIKUSPEN kaskarrak bete ziren eta euriak Zarauzko kaleak hartu zituen atzo Eskola Publikoaren XXI. Festan. Malekoiaren eta Alde Zaharraren bueltan atondutako ekitaldi sortak meteorologiaren itzalpean geratu ziren eta hainbat jarduera bertan behera utzi behar izan zituzten.
Hala eta guztiz ere, salbuespeneko kasu horiez gain, eguraldiak ez zuen galarazi jaialdiaren xede nagusia betetzea: Euskal Eskola Publikoaren biziraupena aldarrikatzea. Hartara, jendarte aski zabala elkartu zen Zarautzen deialdiari so eginez. Bederatzi gunetan banatutako horrenbeste ekitaldiren artean aukeratzea ez zen zeregin erraza izan familien-tzat eta horrek sakabanaketa orokortua eragin zuen.
Heldu eta txikienen artean, Munoa plazan kokatutako seigarren eremuak izan zuen arrakasta handiena, bertan baitzeuden Orokieta eskolako ikasleen emankizunak, Txan Magoaren antzezpena eta Eusko Label produktuez prestatutako pintxoak. Gurasoek jana eta edana uztartzeko parada izan zuten hondartzaren ertzean, haien umeek ikuskizunez gozatzen zuten bitartean. Bestetik, aurreneko gunea gazteen topagune nagusia izan zen eta Ze esatek? talde ospe-tsuaren kontzertuak lortu zuen oihartzun handiena zaleen artean.
Oztopoak oztopo, aterki, txano, xira eta bestelako elementuek bertaratutakoen gorputzak babestu zituzten euri zipriztinetatik eta jaialdia eramangarriagoa izan zen. Halaber, momentu euritsuenetan jendea herriko arkupetan gorde zen, barealdia noiz iritsiko zain. Hori horrela, arratsaldean eguraldiak hobera egin zuen eta posible izan zen jaia normaltasunez ospatzea.
Zoritxarrez, eguerdi partean laugarren guneko afrikar tailerra, bale puzgarria eta futbolin erraldoia amaitutzat eman zituzten. Zortzigarren eta bederatzigarren zonaldeetan ere eragina izan zuen eguraldiak. Bertako ekin-tzak, kirol eta dantza ikuskizunak gehienak, gaztelekura pasa behar izan zituzten. Giro desatseginak, oro har, hainbat emanaldiren a-tzerapenarekin zerikusia izan zuen; lehenbiziko gunean Stop and Go eta Ihes naiz Zarauzko taldeen kontzertuak beranduago hasi ziren, besteak beste.
Horrez gain, udal merkatuan eginiko herri bazkarian jende andana bildu zen. Orotara, 600 pertsonentzako oilasko paella erraldoia prestatu zuten eta mahai guztiak bete ez baziren ere, familia dezente hurbildu ziren Foruen plaza albora. Zazpi euroren truke paellaz, edariaz eta postreaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
Denetariko ikuskizunek Zarauzko txokoak energiaz eta kolore biziz bete zituzten. Erraldoi eta kilikien kalejirak, kale animazioak, kirol jarduera anitzak, mago zein pailazoen erakustaldiak, orrazketa, pintura eta perkusio tailerrak, puzgarriak, jolasak eta dantza emanaldiak kostaldeko hiria alaitu zuten, itxura berezia emanez. Aurtengo festaren irudia Balene izeneko bale euskaldun, bizkor eta jai-zalea izan da. Jende uholde artean ederki pasa zuen eta zetazeoa izanik, eroso sentitu zen euripean. Datorren urtean, ordea, Euskal Eskola Publikoaren Jaialdiak Arabara bidaiatuko du eta baleak ez du lekua izango.
MURRIZKETAK
Eskola Publikoaren egoera
Gaur egun, Ikasleen Guraso Elkarteak 340.000 ikasle baino gehiago eta 500 guraso erakunde inguru ditu bere baitan. Edonola ere, egoera ez da nahi bezain oparoa. "Murrizketak ahalik eta gutxien eragitea espero dugu. Baliabideak mantetzea eskatzen dugu", exijitu zuen Gurasoen Elkarteko presidenteak.
Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak, bere aldetik, goraipatu zuen Wert ministroak ezarri behar dituen hezkuntza murrizketak ez direla "inondik inora" Euskal Autonomi Erkidegora iritsiko. "Murrizketak erabat zentzugabeak iruditzen zaizkigu eta guri dagokigunez erabakitzea, ez dugu onartuko euskal hezkuntzaren kalitatea gutxitzea", argudiatu zuen.
Ildo beretik, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak azpimarratu zuen bere alderdiaren "konpromisoa" dela Eskola Publikoaren jarduna babestea. Gainera, irakasle eta gurasoek urteetan egindako lana txalotzekoa dela adierazi zuen: "80. hamarkadan irakasleen %5a soilik gai zen euskaraz irakasteko, eta egun, %80a suposatzen du".