Hamaika egun izan dira lekukoak zeraman mezu sekretuak zer esango zuen jakin gabe, eta beste horrenbeste idatzitakoak nork irakurriko zituen ezagutu barik. Baina lehenagokoa zen jakingura orokorra -apirilaren 7a hurbildu ahala areagotuz zihoana-, eta hare aurretiagokoa mezua irakurriko zutela jakinarazi zitzaienean Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz aurkezleek sentitu zuten ohorea: "Mutu geratu nintzen esan zidatenean, emozionatuta", gogoratu zuen Amonarrizek atzo, testua udaletxe parean irakurri eta gerora. Ilaski Serranok ezin izan zien malkoei eutsi jendaurreko irakurketan: "Hasierako kilometroa ondo joan da, baina Boulevarda betetzen hasi denean helburu bat eta berbera zuten adin desberdineko lagunekin oso emozionantea izan da".
Mihiluzeko aurkezleek euskalakarien aniztasuna azpimarratu zuten, ezaugarri guztien gainetik, beraiek idatzi eta irakurritako mezuan. "Euskalakari dira sarean euskaraz ari diren Mari Tuenti eta Feizbukari guztiak (…); arauak eta hiztegiak prestatzen orduak ematen dituzten euskaltzainak eta EGA titulua atera ezinik dabilen Mireia (…); bere denboraren zati bat Min-tzakide egitasmoari eskaintzea deliberatu duen Eli (…)". Aniztasunak, baina, badu lotunea, mihiluzeen aburuz: "Euskalakari izateko mila modu dago, baina euskararekiko eta gure herriarekiko maitasunak biltzen gaitu guztiok".
Esaldiak irakurtzeko txandak bilbatuz irakurri zuen mezua bikoteak, emozio handiarekin. Oholtzaren aurre eta aldeetan bildutako ia hamar mila lagunek ere nabaritu zuten Amonarriz eta Serranoren ahotsen dardara beren barrenetan. Ez ziren gutxi izan lehen malkoa jausten utzi eta negarra gelditu ezin izan zuten euskaltzaleak. Negarra, bai; festa giroa bazen ere. Herri honetako inkoerentzietariko beste bat: Korrikan parte hartu dutenen erdiek euskara egunerokotasunean balerabilte, agian ez luke hizkuntzak mota honetako ekitaldien beharrik izango.
Ideia horri heldu gura izan zioten ere Ilaskik eta Kikek: "Ezin da euskalakari izan euskaraz egin barik, euskaraz berba egiten ahalegindu barik". Korrika 17ren hausnarketaren oinarrian dagoen kontuarekin bat egiten zuen bi aurkezleen testuak: 'Euskaltzale' eta 'euskaldun' hitzak existitzen badira -euskararen aldeko eta euskaraz hitz egiteko gai den laguna zehazteko, hurrenez hurren-, zelan deitu behar da euskararekiko jarrera aktiboa duen pertsona? Euskara bihotzean eta erdara ezpainetan darabilten hainbat eta hainbat Euskal Herritarren akuilu izan ostean -Gasteizko G14 rap taldeak zioen moduan-, bertaratutako denak animatu zituzten euskalakari izatera: "Gu euskalakari, zuek euskalakari, denok euskalakari!".
Euskaltzaleek mezuari egindako harrera zoragarria izan zen eta honela bizi izan zuten bi protagonistek: "Terriblea izan da", atera zitzaion Amonarrizi barrutik. "Urduri geunden hasieran baina momentua bera ikaragarria izan da, emozionantea. Hainbeste jende euskararen alde… oparia izan da guretzat, ohorea". Ilaski Serranok ere ohi baino irribarre zabalagoa zuen aurpegian zizelkatua: "Oso polita izan da, pasada bat. Lekukoa azken kilometroan eramatea bizitzan behin baino ez da gertatzen". "Enmarkatzeko" moduko eguna izan zela aitortu zuen bermeotarrak ere: "Zoragarria izan da, xuabe xuabe hasi eta indarra hartuz joan delako (Korrika). Zoragarriak izan dira azken egunak".
aek-ren esker ona Oskar Elizburu, AEKren Gipuzkoako Artezkaritzako Kidea, izan zen mezu sekretua irakurria izan osteko AEKren berbak adierazi zituen euskalakaria. Poza, zoriona eta esker ona zerien beren hitzei: "Eskerrik asko munduan dagoen hizkuntza baten aldeko ekitaldirik handiena den Korrika martxan jartzeagatik", zuzendu zitzaion euskaltzale uholdeari. "Zorionak mila modutan parte hartuta euskalakari izan zaretenoi". Koordinakundearen eginkizuna azalduta, "langintza honetan AEK-k egiten duena zatitxo bat besterik ez" dela azpimarratu zuen Elizburuk. "Gizarte osoaren lana behar dugu euskara normalizatzeko". Donostiko erdigunean bizi zen aztoramena igarota, antolatzaile eta kazetariak batu egin ziren alde zaharrean. Bertako taberna batean, Korrikaren burua den Edurne Brouardek zuzendu zuen ohiko brindisa. Eskerrak eman zituen "luxuzko" kolaboratzaileak izatearren eta "Gora Korrika 18!" aldarrikatu zuen, barnetik, ziur, hainbestetan adierazi duen 'marmarra' zebilkiola: "Korrika hiltzeko jaio zen". Alegia: Betor euskarak horrelako ospakizunik behar izango ez duen eguna.