donostia. Atentzio Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Asalduraren (ADHA) inguruko lan bati esker, Debako Amaia Garitano Ascasibarrek irabazi du Feuse Farmazialari Euskaldunen Elkartearen saria. 26 urteko profesional gazte honen ikerketak gaitzaren etiologia, epidemiologia, identifikazioa eta tratamendua aztertu ditu eta pronostiko goiztiarraren garrantzia berretsi du.

Gaur egun, Elgetako Elkoro farmazian ari da lanean Amaia Garitano. Atsedentxo bat hartu eta telefonoaren beste aldetik erantzun die egunkari honek egindako galderei. Gasteizko Farmazia Fakultatean ikasketak amaitu eta lanean hasi zenean ezagutu zituen ADHA duten haurrak, eta baita beraien gurasoek zituzten kezka eta arazoak ere. "Hori ikusita, gai honetan sakon-tzen hasi nintzen, handik eta hemendik gauza berriak ikasiz. Hobe prestatuta egon eta arazo hori bizi dutenei lagundu ahal izatea", azaldu du. Saio horren ondorioa da 4. Feuse Saria. Gaur jasoko du Garitanok, Farmazialari Euskaldunen Elkarteak Gasteizen egingo duen Batzar Orokorraren testuinguruan.

Ikerketak jakitera ematen duenez, haur eta gazteen %3 eta %7 bitarteko kopuru batek jasaten du ADHA eta horrek dakartzan adierazpen kliniko "heterogeneoak". "Lanaren ondorio nagusietako bat zera da: asalduraren diagnostiko eta tratamendu goiztiarraren garrantzia", azpimarratu du Garitanok. Izan ere, gaitza identifikatu eta neurriak hartzeko momentuan garaiz arituz gero, heldutasunera iristean jasango dituen ondorio kaltegarriak "asko gutxitzen dira".

Bestalde, Garitanok azaldu bezala, tratamendu farmakologiko eta ez farmakologikoak uztartuz lor-tzen dira "emaitza onenak". Oraindik gaitzaren arrazoiak ezagutzen ez badira ere, eta trastornoa errotik sendatzea ezinezkoa izan arren, pazientearen bizi kalitatea asko hobetzen da tratamenduarekin.

Garitanok zehaztu duenez, gaur egun bi medikamentu erabiltzen dira ADHAri aurre egiteko: metilcenidatoa, bereziki, eta atomoxetina, kasu batzuetan. "Gurasoek askotan kezka izaten dute, batez ere horietan lehena anfetaminaren eratorria dela entzutean, baina urte askotan erabili izan dute eta normalean ez du problemarik sortzen".

Hiperaktibitatearen inguruan sortu zaion jakinmina dela eta, hemendik aurrera ere arlo honetan sakon-tzen joateko asmoa duela jakinarazi du Garitanok. "Helduen artean ere ADHA ematen da", aipatu du. Izan ere, kalkulatzen dute ADHA duten haurren %60 eta %80 artean nerabezarora iristean gaitz hori gaindi-tzen dutela. "Baina beste %30 horrek heldu arora arte mantentzen du", kontrajarri du. Horrek esan nahi du gaur egun ADHA pairatzen duten heldu ugari egon daitezkeela, horrek dakartzan ondorioekin.