berrogei urteko ekaitzaren ondoren, euskararen izpiak Euskal Herriko gizartea argitzen hasi ziren. 1975. urtetik aurrera euskal hizkuntza gordelekutik irteten hasi zen, euskal herritarren ahora eta kalera berriz itzultzeko. Itxaropenaren eta ilusioaren eskuetatik helduta, Aitorren hizkuntz zaharrak bere etxera itzuli behar zuen, eta bide honetan Euskaltzaindiaren, ikastolen eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearen mugimenduen laguntza izan zuen, baita Euskal Herrian Euskaraz taldearena ere.
Dagoeneko 30 urte inguru pasa dira euskal hizkuntzak normalizazioaren bideari ekin zionetik. Hiru hamarraldi ekaitzak suntsitutako soroetan eta belardietan euskararen haziak landatzen hasi zirela. Denbora honetan zehar zenbait landare jaio diren arren, oraindik ere lan handia dago euskararen basoa Euskal Herriko birika bihurtzeko.
1979. urtea
"Euskararik gabe, Euskal Herririk ez"
Euskararen aurkako sorgin ehiza amaitu egin zen, eta euskal hizkuntzaren alde lan egiteko unea iritsi zen; herritarrak euskararen normalizazioaren aldeko lehen urratsak ematen hasi ziren. 1979. urtean hainbat euskaltzale bildu ziren Lesakan, hizkuntzaren alde egingo zuen elkartea sor-tzeko. Urte bereko azaroaren 4an, Durangoko Azokan, Euskal Herrian Euskaraz taldeak bere burua ezagutzera eman zuen Euskararik gabe, Euskal Herririk ez lemapean.
Euskararen bihotzeko taupadak indartzearen aldeko lanean elkartu ziren euskaltzaleen artean Sagrario Aleman izan zen, Luis Mari Mujika eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegirekin batera. Alemanek kontatzen duenez, Euskal Herrian Euskaraz taldea "ordura arte euskara arras arrotz zuten arloetan hizkuntza sartzeko beharraren ondorioz jaio zen". Izan ere, euskararen egoera oso larria zen: "Praktika oso txarra zen, ez zen hizkuntzaren aldeko inolako irtenbiderik ikusten". Egoera honen aurrean zerbait egin behar zela ikusi zuten eta ondorengo urteetan elkarteari iparra finkatuko zion helburuari jarraituz, lanean hasi ziren.
euskal herria loratzen
Hitzaren indarra
Euskal Herrian Euskaraz elkarteko lagunek argi zuten berea ez zela bulego batean lan egiteko sortua zen taldea. Euskal Herria euskalduntzea zuten xede, eta horretarako kalera irten behar zuten. Ilusioaren indarraren gatibu, euskaltzaleak, euskara ahoan zutela, Administrazioaren eta zerbitzuen iluntasunean sartu ziren, elebakarrak ziren kobazuloetan elebitasunaren argia pizteko: "Posta etxeak, paisaia linguistikoa, banketxeak, epaitegiak, komunikabideak eta abar euskaldunak izan zitezen hasi ginen gogor lanean".
Elkartearen bigarren joko zelaia gizartea izan zen. Euskal herritarrei hizkuntza zaharrak bizi zuen egoeraren eta, haien eskubideen berri eman behar zietela erabaki zuten.
Urte hauetan zehar taldearen aldarrikapenek hizkuntzak Euskal Herrian jasaten dituen erasoak salatu dituzte, eta ekintza zuzenak ere egin zituzten hasieratik: "Gogoan dut Maloren bulegoan sartu ginen eguna, hizkun-tza politikarako plangintza bat eskatzeko sartu ginen -aipatu du Alemanek-. Itxialdian parte hartu genuenoi salaketa bat iritsi zi-tzaigun kontseilaria bahitu egin nahi genuelako; eta ez zen egia. Gu sartu bezain laster irten zen".
Euskal Herriko soroaren ereite lanetan uzta txarrak ere izan zituzten urte haietan. Izan ere, ekaitza amaitu bazen ere, zenbait hodei grisek landatutakoa bertan behera utzi nahi izan zuten: taldeko zenbait lagun atxilotu zituzten, horien artean Sagrario Aleman, hizkun-tzaren normalizazioaren aldeko borroka egiteagatik.
Baina hodei grisen artean euskararen eguzkiak indar handiz berotu du baratza eta, nahiz eta "nahi baino mantsoago" jaio, urte hauetan zehar zenbait landare loratu dira Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideek landatutako haziei esker.