Hori da, hain zuzen, jokoaren liburu zuri berriak dakartzan ondorio ugarietako bat. Liburu zuria enpresa espezializatu eta pribatu batek egindako lan zehatza da eta 2006ko datuak eskaintzen ditu; izan ere, 5 eta 10 urte artean ibil daitekeen aldizkakotasun zehatzik gabe egiten da.

Sonia Fernandez Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren ustez, lan hori "sektoreak bizi duen egoera argazki finko bat balitz bezala ikustea ahalbidetuko digun ikerlan zehatz eta ezinbestekoa da eta, horri esker, gure ustez beharrezkoak diren hobekuntza politikak ezarri ahal izango ditugu".

EAEko jokoaren liburu zuri berria sektorearen profesionalei eta baita jardueran parte hartzen eta interesa duten instituzioei ere zuzenduta dago, eta jokoaren eragin sozialarekin eta ekonomikoarekin lotura duten gaiak biltzen ditu. Ikerlanaren arabera, EAEn jokoa "sektore heldua da, ezarritako eta dibertsifikatutako eskaria duena, eta joko aukera zabal batez osatuta dagoena".

2006an, EAEko biztanleek 1.300 milioi euro inbertitu zituzten jokoan, eta Estatu osoan, epe berean, 28.800 euro inbertitu ziren, sektoreak Euskadiko aisialdirako eskaintzan duen garrantziaren isla.

Liburuan jasotako datuen arabera, EAEn B motako Makinak eta Estatuko Loteria eta Apustuak dira, ordena horretan, joko gustukoenak; bestalde, ONCEren zozketak eta Kasinoak dira eskari gutxien duten aukerak.

Biztanleek jokoaz duten irudiak izandako "hobekuntza arina" da ikerlanak dakartzan datu adierazgarrienetako bat; izan ere, murriztu egin da jokoa arriskutsua dela edota ondorio larriak ekar ditzakeela uste dutenen kopurua. Halaber, EAEko herritarrek ohiko jokoetan konfiantza mantentzen dutela baieztatzen du azterlanak, joko eta apustuekin lotura duten web orrien kopuruak gora egin arren.

Dena dela, sektorearen erronken inguruko kapituluan, ikerlanak azpimarratzen du internetek eskaintzen duen joko aukera zabala (arautu gabe sustatutakoa) ohiko operadoreei apurka-apurka merkatu kuota "lapurtzen" hasi dela. Horren adierazgarri da teknologia berriei buruz galdetutakoek emandako erantzunak, inkestatuen %2,7k (EAEko 60.000 biztanle inguru) azken hilean internet bidez jokatu edo apustu egin dutela baitio.

Horren harira, Sonia Fernandez on line jokoak "ahalik eta azkarren" arautzearen alde agertu da. Izan ere, bere ustez "soilik horrela lortuko dugu kontsumitzaileek berme guztiak izatea".

Ikerketak beste gai bat plazaratzen du: belaunaldi berriek bingoetan, jolas aretoetan, ostalaritza lokaletan eta hipodromoetan jokatzeko nahia galdu omen dutela, alegia. Hori, agian, toki horietan eskaintzen dituzten jokoak azken 15 urteotan ia aldatu ez izanagatik gerta liteke.

Liburu zurian emandako datuek sektorea geldialdi txiki batean murgilduta dagoela ondorioztatzen dute, nahiz eta 1999az geroztik urtero %2,6ko hazkunde tasa izan.

Euskadin jokoa "oso sektore profesionala" da, berrikuntza teknologikoetara irekita dauden eta bere jarduerak izaera sozial handia duela oso ondo dakiten enpresari dinamikoak buru dituena. Administrazioarekin harreman estua duen sektore bat da eta, beraz, kontsumitzaileek berme gehigarri bat dute. Gainera, EAEko ekonomian eta lanpostuen (bai zuzenekoak bai eratorriak) sorreran eragin azpimarragarria duen sektore bat da.

EAEko herritarren jokatzeko ohitura sozialei dagokienez, eta bezero mota jokoaren arabera aldatzen den arren, txostenak honela deskribatzen du Euskadiko jokalari tipoa: 45 eta 65 urte arteko gizonezko bat, soldata-maila erdi-baxua duena.

Halaber, aipagarriak dira sexuen arteko ezberdintasunak. Gizonezkoen %71,7k jokatzen dutela onartzen duten bitartean, emakumezkoen %57,6k onartzen dute. Egoera zibilak ere aldagai esanguratsua dela dirudi, izan ere, ezkonduta dauden edo bikotea duten biztanleen %68,2 dira gehien jokatzen dutenak.

Inkesten arabera, herritarren %49,9k uste dute jendeak dirua irabazteko baino ez duela jolasten; dena dela, geroz eta gehiago dira denbora-pasa gisa ere jokatzen dela uste dutenak. Maiztasun handi samarrez jokatzen dutenek diru-kopuru txikiak jokatzen dituzte. Hala, galdetutakoen %82,4k 40 eurotik behera gastatzen dutela diote.

Bestalde, Euskadiko jokoan gizarteak duen eraginak handia izaten jarraitzen duela erakusten du txostenak. Hain zuzen, Euskadiko biztanleen %60k beste pertsona batzuekin batera jokatzen dute, bereziki senitartekoekin eta lagunekin.

Jokatzeak sor ditzakeen mendekotasun arriskuei dagokienez, liburu zuriak azpimarratzen du inkestatuetako portzentaje handi batek uste duela B motako makinek mendekotasuna sortzeko arrisku handia dutela.

Testuinguru horretan, galdetutako pertsona gehienek ez dakite laguntza eskaintzen duten elkarteak daudenik, eta ez dituzte ezagutzen eskuragarri dituzten laguntza zerbitzuak.

Hori guztia dela eta, liburu zuria joko arduratsua bultzatzearen aldekoa da, jokatzeak ekar ditzakeen arazoen berri emanda eta, bereziki, dirua irabazteko bide bat izan ordez, jokatzea entretenigarria eta dibertigarria dela gogorarazita.

Jokalariek euren burua kontrolatzeko gaitasuna izatea bultzatzen duten neurriak ezartzea da joko arduratsua sustatzearen helburua, jokalariei euren diru eta denbora mugak ezartzea eta, une egokiena dela uste dutenean, jokoa uztea erraztu egingo diena. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak "erabakitasunez egingo du lan EAEn joko arduratsu baten alde".