Osalan Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Institutuak lan arriskuen prebentzioari buruzko sentsibilizazio kanpaina berria jarri du martxan 'Laneko ongizatea sustatzen dugu' lelopean, asteartean ospatuko den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren esparruan, eta nabarmenduko du ongizate fisikoa, mentala eta soziala "funtsezko ardatza" direla laneko arriskuen prebentzioan eta lanaren etorkizunean.
Ekimen honekin, Osalanek bat egiten du aurten ere Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak nazioartean bultzatutako ekintzekin, aurten lan ingurune psikosozial osasungarriak bermatzeko beharra ardatz hartuta.
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Perez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Iscar Reinak aurkeztu dute kanpaina astelehen honetan. Agerraldian gogorarazi dute Espainiako Gobernuak 2026. urtea Laneko Segurtasun eta Osasunaren Urtea izendatu duela, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 30. urteurrenean.
Elena Perez Barredok azpimarratu duenez, "Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioaeteko Egun honetan konpromiso sendo eta partekatu bat berritu nahi dugu: langileen bizitza, osasuna eta ongizatea babestea".
Ildo horretan, gogorarazi du prebentzioaz hitz egitea "gaur egun ongizateaz hitz egitea" dela, eta lanak ez duela "gorputzean bakarrik eragiten; buruan, harremanetan eta bizitza pertsonalean ere eragiten du". Era berean, nabarmendu du ezbehar tasa murriztea "ezinbestekoa" dela, "baina ez nahikoa": "Benetako erronka da, kaltea saihesteaz gain, osasuna sortzen duten lanak gauzatzea".
Testuinguru horretan, Osalanek azpimarratu du laneko arriskuen prebentzioa araudia betetzetik eta lanaren alderdi fisikoetatik harago joan behar dela, eta benetan eta eraginkortasunez integratu behar dela erakundeen eguneroko kudeaketan.
"Komunikazio argia, prebentzio ikuspegidun plangintza eta lanaren antolaketa koherentea, langileen parte hartze aktiboarekin batera, funtsezko ikuspegia dira arriskuak, bereziki psikosozialak, aurreikusteko eta laneko ongizatea eta osasuna babesteko", adierazi du.
Era berean, Osalanek balioa eman die Arrisku Psikosozialen Kudeaketa Maparen bidez egiten ari den lanari, urteko jarduera planei, Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021-2026ko Euskal Estrategiari eta Osalanen Kontseilu Nagusiaren barruan eragile sozial eta ekonomikoekin etengabe lankidetzan aritzeari. Horren guztiaren helburua da enpresei, prebentzio zerbitzuei eta langileei laguntza, orientazioa eta tresna praktikoak eskaintzea.