Aurretiazko borondateen 14.851 agiri berri erregistratu ziren iaz EAEn, aurreko urtean baino %26 gehiago
Aurretiazko borondateen 14.851 agiri berri erregistratu ziren 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urtean baino %26 gehiago
Aurretiazko borondateen 14.851 agiri berri erregistratu ziren 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urtean baino %26 gehiago. Inskripzio berriez gain, Euskadiko Aurretiazko Borondateen Erregistroak 819 ordezpen edo aldaketa ere tramitatu zituen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jakinarazi dutenez.
Modu honetan, Osasun Sailaren arabera, Euskadin gero eta jende gehiagok erabakitzen du idatziz jasota uztea egunen batean bere borondatea adierazi ezin badu nola jaso nahi duen arreta. Aurretiazko borondateak, aldez aurreko jarraibideak edo bizi testamentua bezala ezagutzen den agiriak hazkunde iraunkorra izaten jarraitu du Euskadin.
Horrela, 2004an sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kudeatzen duen Aurretiazko Borondateen Erregistroak 76.683 inskripzio izan ditu guztira, eta horietatik 69.451 inskripzio gaur egun euskal osasun zerbitzu publikoaren erabiltzaile diren eta agiria indarrean duten pertsonei dagozkie.
Kopuru hori bikoiztu egin da hiru urte eskasean, eta 2025ean erregistratu da urteko zifrarik handiena. Euskadiko Aurretiazko Borondateen Erregistroan jasotako informazioaren arabera, 1.000 heldutik 37 inguruk inskribatuta dituzte dagoeneko beren borondateak. Adin tarteen arabera, 75 urtetik gorako bederatzi pertsonatik batek (1.000 biztanleko 117) aurretiazko borondateak indarrean dituela erregistroan inskribatuta.
2025ean erregistratu ziren inskripzio berri guztietatik, lau pertsonatik hiruk 46 eta 75 urte bitartean zituzten, eta, geografia esparrua kontuan hartuta, inskripzioen %13 Araban egin ziren (1.889), %55 Bizkaian (8.142) eta %32 Gipuzkoan (4.797); horiei Euskaditik kanpoko beste 23 inskripzio gehitu behar zaizkie.
Halaber, agiria erregistratu zutenen %86k ordezkaria aukeratu zuen. Figura hori ez da nahitaezkoa, baina oso gomendagarria da; norbaitek bere borondatea adierazi ezin duenean, ordezkaria arduratzen da agiria sinatu zuenaren borondatea behar bezala interpretatu eta beteko dela ziurtatzeaz.