Osakidetzak HaurSare jarri du abian, patologia kroniko konplexuak eta zainketa aringarrien beharra dituzten haur eta nerabeentzako arreta espezializatu eta koordinatuko sare berria
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak HaurSare aurkeztu dute gaur, kronikotasun konplexuaren arretarako eta zainketa aringarri pediatrikoetarako Euskadiko sare integral berria. Antolakuntzako proposamen horren helburua da patologia kroniko konplexuak edo bizitza mugatzen duten patologiak dituzten haur eta nerabeentzako eta haien familientzako arreta espezializatua, jarraitua eta koordinatua hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan.
Ekimenak zuzenean erantzuten dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Osasun Itunarekin hartutako konpromisoari, lan egiteko modu integratuagoa, gizatiarragoa eta pertsonen benetako premietara bideratuagoa indartzen baitu. HaurSare ekimenari esker, aurrera egingo da itun horrek jasotzen dituen zenbait ildo estrategikotan: antolaketa-berrikuntzan, kronikotasunaren arretan, bizitzaren amaierako zainketetan, talde profesionalak sendotzean, erizainen trebakuntzan, arretaren humanizazioan eta pazienteen eta familien parte-hartzean.
Ekimena, halaber, Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta gero eta zabalduago dagoen osasun- eta gizarte-errealitate bati erantzuten dio: medikuntzaren aurrerapenari esker, gero eta adingabe gehiago irteten da bizirik gaixotasun larri, kroniko eta konplexuetatik, eta behar-beharrezkoa da arreta luzeagoa, integratuagoa eta hobeto koordinatua, lehen mailako arretaren, ospitaleen, etxearen, gizarte-zerbitzuen eta hezkuntza-eremuaren artean.
Gaur goizean egin den ekimenaren aurkezpenean, Alberto Martínez Osasuneko sailburuarekin batera izan dira Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia eta Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatriako arduraduna.
“Haur batek gaixotasun larria duenean, ez gara gaixotasuna tratatzeaz soilik arduratzen. Familia bati laguntzen diogu, bizitza bati eusten diogu eta duintasuna defendatzen dugu”, adierazi du sailburuak. “Euskadin, zaintzea ez da aukera hutsa: erantzukizun publikoa da”.
Arretaren arloan antolaketa-berrikuntza eskatzen duen errealitatea
Datuek eredu hori indartu beharra islatzen dute. Pediatriako haur eta nerabeen % 6,8k dute patologia kroniko konplexua, eta 10.000 adingabetik 90ek, gutxi gorabehera, zainketa aringarriak behar dituzte. Talde minoritarioa izanik ere, oso eragin handia du osasun-sisteman: ospitalizazio pediatrikoen % 20, gutxi gorabehera, dira; ZIUko egonaldien erdia baino gehiago dira; eta ospitaleko 10 heriotza pediatrikoetatik 8 dira.
Zifra horien atzean errealitate komuna dago: laguntza jarraitua, erantzun azkarrak, profesionalen arteko benetako koordinazioa eta egoera bakoitzera egokitutako hurbileko arreta gizatiarra behar duten familiak.
Azken urteetan paziente horien profila aldatu da. Aurrerapen medikoei esker, gaixotasun konplexuak dituzten adingabeak denbora luzeagoan bizitzen dira, eta horrek areagotu egiten du jarraipena egiteko eta euskarri teknikoa eta arreta emozionala eskaintzeko beharra, baita laguntza-dispositibo desberdinen arteko koordinazioa ere.
HaurSare sortu da, lan-sare partekatua
Errealitate horri erantzun ordenatuagoa, ekitatiboagoa eta eraginkorragoa emateko sortu da HaurSare. Sarea ez da hutsetik abiatzen, Osakidetzako profesional ugarik aurrez egin duten lanetik baizik, eta ahalegin hori egitura komun, egonkor eta jasangarri bihurtzen du.
Eredu berriak gaixotasunaren faseetara eta adingabe bakoitzaren konplexutasun-mailara egokitzen den asistentzia-continuum gisa antolatzen du arreta. Horretarako, arintze-premiak eta konplexutasun klinikoaren maila zehaztasun handiagoz identifikatzea ahalbidetzen duten balorazio-tresna baliozkotuak erabiliko dira (hala nola PaPas eta PedCom).
Arretak Lehen Mailako Arretaren zeregina lehenetsiko du beti, eta jarraipenaren erreferente nagusia izaten jarraituko du, ospitale-talde espezializatuen babesarekin. Neska-mutil bakoitzak unean-unean arretarik egokiena jasotzea da helburua, asistentzia-mailen arteko koordinazio arinarekin eta zainketen plangintza indibidualizatuarekin.
“HaurSarek osasun-sistema osoa konektatzen du: erreferentziazko ospitaleak, lehen mailako arreta eta etxea —azken hori izango da zainketaren gune nagusia—”, azaldu du Iratxe Salcedok. “Profesionalen arteko koordinazio erreala funtsezkoa izango da familiei jarraitutasuna, kalitatea eta lasaitasuna eskaintzera begira”.
Temas
Más en Salud
-
Adiós a levantarse a orinar por la noche: la clave para un descanso sin interrupciones
-
Alzheimerraren aurkako sendagaien bilaketa bizkortzeko ikerketa egingo dute Euskadiko ordenagailu kuantikoarekin
-
Esto es lo que puede pasarle a tu cuerpo si no lavas bien las botellas reutilizables, alerta un experto
-
Así cambia el cerebro durante la menopausia y cómo se adapta