Osakidetzak bikain ziurtagiria lortu du Basurtuko eta Galdakaoko pertsona ostomizatuen unitateetan
Ziurtapena lortzearen mugarria bat dator Euskadiko Osasun Itunaren konpromisoekin, arreta hurbila eta pertsonalizatua euskal osasun-sistema publikoaren ardatz eraldatzailetzat eskaintzearekin
Osakidetzak maila bikainaren ziurtagiria lortu du Basurtuko eta Galdakao-Usansoloko unibertsitate ospitaleetako ostomien kontsultetan.HU-CI Proiektuak (HU-CI: zainketak humanizatuz, gaztelaniaz) emandako ‘H-Ostomías’ sariak bermatzen du osasun-eredu bat, non pazientea zainketa-ekosistema baten ardatza baita. Gainera, sistema horrek alderdi biologikoa gainditzen du, dimentsio emozionala eta soziala ere aintzat hartzeko. Aurretik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen estomaterapia-unitatea nazioarteko ziurtagiri hori lortzen zuen Euskadiko lehen unitatea izan zen, eta Estatuko bigarrena. Orain, Basurtu eta Galdakao ere zentro bikainen zerrendan sartu direnez, Osakidetza pertsona ostomizatuen arretaren erreferente bilakatu da.
Aurrerapauso horrek erakusten du, beraz, osasungintza gizatiarrago baten aldeko konpromisoa ez dela soilik asmoen adierazpen bat, baizik eta benetako hobekuntza bat, pazienteak beren egunerokoan nabaritzen ari direna.
"Gure egitekoa da, hain zuzen, irakastea, laguntzea eta ondoan egotea prozesu osoan zehar. Ez gara soilik sendatzeaz arduratzen, baizik eta atzean dagoen pertsonaz, bere beldurrez eta bere egokitze-prozesuaz ere", adierazi dute arloko zenbait erizain adituk. Azken helburua da pazienteak bere bizitza soziala, lanekoa eta sexuala autonomia osoz berreskuratzea.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Osasun Itunarekin bat eginik hartutako konpromisoa berresten du ziurtagiri horrek, hau da, arreta integrala, pertsonalizatua eta kalitatezkoa emateko konpromisoa, ostomizatutako pertsonen eta haien familien behar fisiko, emozional eta sozialei heltzeko.
Pertsona ostomizatuei ebakuntza kirurgiko bat egin diete, abdomeneko paretan irekidura artifizial bat egiteko, dela minbizia izan dutelako (koloneko eta ondestekoa, maskurikoa), dela hesteetako hanturazko gaixotasunak (Crohn, kolitis ultzeraduna) edo buxadurak izan dituztelako, nahiz eta beste gaixotasun batzuen ondorio ere izan daitekeen.Irekidura horri esker, gorozkiak edo gernua irten daitezke, aldi baterako zein behin betiko, kanporatze naturala eragozten duten gaixotasun, lesio edo malformazioak daudenean.Euskadin 3.200 pertsona inguru daude ostomizatuta, eta Osakidetzak arreta espezializatua eskaintzen die, erizain estomaterapeuten eta hezkuntza-baliabideen bidez.Haien bizi-kalitatea hobetzearen aldeko lanak egin dituzte, hain zuzen ere, autozainketa irakasten eta azpiegiturak egokitzen, hala nola bainugela egokituak prestatuz.
Basurtuko eta Galdakao-Usansoloko ziurtapenaren oinarrian Jardunbide Egokien Eskuliburu bat dago, HU-CI Proiektuak eta zenbait elkarte zientifikok batera sortutakoa; besteak beste, SEDE izeneko elkarteak (estomaterapiako praktika aurreratuko erizainen elkartea).‘Bikain’ ziurtagiriaren maila gorenera heltzeko, bi unitateek arrakastaz gainditu dute funtsezko alderdien ebaluazioa, hala nola laguntza emozionala ematea, bai pazientea, bai haren familia trebatzea, eta haien autonomia hobetzea ebakuntza egin aurretik ondorengo jarraipenera arte.Azken batean, aitortza horrek bermatzen du arreta mediko aurreratua eskaintzeaz gain, errespetu eta hurbiltasun bereziz zaintzen dutela pertsona ostomizatuen bizi-kalitatea.