Síguenos en redes sociales:

Sexuaren arabera, zeintzuk dira ospitaleratuenak, gehiago gizonak ala emakumeak?

Euskal Autonomia Erkidegoko akutuen erietxeetan 241.936 ospitalizazio izan ziren 2024. urtean, hau da, aurrekoan baino %2,7 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera

Sexuaren arabera, zeintzuk dira ospitaleratuenak, gehiago gizonak ala emakumeak?Pilar Barco

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) akutuen erietxeetan 241.936 ospitalizazio izan ziren 2024. urtean, hau da, aurrekoan baino %2,7 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Erietxeratzeen kausa nagusiak digestio gaixotasunak, zirkulazio gaixotasunak eta arnas gaixotasunak izan ziren, guztizkoaren %38,5 izanik, %5,1 gehituta 2023aren aldean.

Urria izan zen ospitaleratze gehien izan zituen hilabetea (%9,3), eta urtarrilean izan ziren erietxeetan heriotza gehien (guztizkoaren %10,5); urteko lehen hilean, gainera, arnas gaixotasunek garrantzi handiagoa hartu zuten gripe eta pneumonia kasuen ondorioz.

Hiritarren %84,6 ospitale publikoetan eta %15,4 pribatuetan artatu zituzten 2024an. Zentro pribatuetan artatutako patologien maiztasun ordena ezberdina da, eta aparatu muskuloeskeletikoaren arazoak dira tratatuenak (%20,2) -horien artean belauneko eta aldakako artrosia nabarmentzen dira-; gero traumatismoen eta lesioen taldea dator (%14,1) -gehien diagnostikatzen direnen artean belauneko lotailu gurutzatu bihurritua dago-.

Erietxeratzeen %63,9 premiazkoak izan ziren, eta proportzioa ia %70ra iritsi zen ospitale publikoetan (%31,4 pribatuetan). Alta eman zitzaien pertsona guztietatik %90,8ri sendatzeagatik edo hobetzeagatik eman zitzaien, %3,4ri heriotzagatik eta gainerakoei beste zentro batzuetara eramateagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Ospitaleratutako pertsonen profilari dagokionez, gizonen proportzioa (%51,3) emakumeena (% 48,7) baino handiagoa izan zen, eta proportzioa %54,5era igo zen erditzeak, haurdunaldiak eta puerperioak eragindako arreta kasuak alde batera utziz gero. 2023ko datuekin alderatuta, erietxeratzeak %3 gehitu ziren gizonen artean eta %2,5 emakumeen artean.

Iaz erietxeratutako pertsonen %52,3k 64 urte baino gehiago zituzten. 65-79 urtekoen taldean metatu ziren ospitaleratze gehien (%29,5), eta ondoren, 45-64 urtekoenean (%25,3).

Sexuaren arabera, gizonen artean ospitaleratze gehienak 65 eta 79 urte artekoak izan ziren (ia %34); emakumeen artean, berriz, gehiengo hori ia berdin banatu zen 65 eta 79 urte bitartekoen artean (%25) eta 80 urte eta gehiagokoen artean (%24,9); izatez, emakumeak gizonezkoak baino gehiago izan ziren 80 urte eta gehiagokoen taldean.

Lurraldee begiratuta, erietxeratutakoen %51,3 Bizkaian bizi ziren, %31 Gipuzkoan, %15,1 Araban, %1,9 probintzia mugakideetan (batik bat Burgosen eta Kantabrian), %0,4 gainerako probintzietan eta % 0,3 atzerrian.