Zamudioko Ospitale Psikiatrikoa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen barruan dagoena, eraberritze-lanetan dago murgilduta, lurraldeari ematen dion zerbitzua hobetzeko. Osasun Sailak 5,9 milioi euroko inbertsioa egingo du aurten eta 2026an instalazioak egokitzeko. Horretarako, terapia okupazionala hartuko duen eraikin berri bat eraikiko da eta eraikin orokorraren fatxadak eraberrituko dira. Bigarren fasean, 3,7 milioiko inbertsioa egingo da ekoizpen termikoa berritzeko: lehengo gasolio-galdarak ordeztuko dira eta instalazio elektrikoak modernizatu.
Gaur goizean bertan, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak, EAEko osasun-sistemako erakundeetan egiten ari den entzute-prozesuaren baitan, bilera bat izan du Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendaritzarekin eta ehun bat profesionalekin, Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeekin eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin batera. Gogorarazi die osasun mentala lehenestea dela Imanol Pradales lehendakariaren helburuetako bat legegintzaldi honetan, eta berretsi du "Jaurlaritzak, Sailak eta Osakidetzak osasun mentaleko sarea indartzeko duten konpromisoa, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai den eredu batekin".
Zehazki, 2025ean zehar, barruko eta kanpoko espazioak nabarmen berritu dira, ongizate handiagoa ekarriko diena pazienteei, senideei eta Zamudioko Ospitale Psikiatrikoko profesionalei. Eraberritze-lan horien artean, nabarmentzekoa da eraiste kontrolatua egingo dela, eta espazio horretan bertan eraikin berri bat eraikiko dela terapia okupazionalerako (eguneroko bizitzako jarduerak, aisia, kirola, helduentzako hezkuntza...). Instalazio berria martxorako egongo da martxan.
Era berean, hilabete hauetan eraikin orokorraren fatxadak berritzeari ekin zaio. Lan horiek aurten bertan amaituko dira, eta ospitaleari itxura berriago bat emateaz gain, isolamendu termikoa nabarmen hobetzea ahalbidetuko dute. Gainera, datozen hilabeteetan galdarak berritzea aurreikusita dago, ingurumena gehiago errespetatzen duten beste ekipo batzuekin ordeztuz. Horrekin batera, instalazio elektrikoak ere berrituko dira.
Guztira, 9,6 milioi euro inbertitu dira dagoeneko hasi eta datozen urteetan jarraituko diren obra hauetan, eta Osakidetzak osasun mentaleko sareen bidez ematen den arreta indartzeko duen konpromisoaren parte dira.
Hala, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko hobekuntza horiek Osakidetzaren sareak dituen baliabideei gehitu behar zaizkie. Sare honek 450 ohe ditu 4 ospitaletan, helduen, haurren eta adikzioen osasun mentaleko 50 zentro, eguneko 23 ospitale, lehen gertakarietako lantaldeak, tratamendu asertibo komunitarioko taldeak eta hezkuntza-unitate terapeutikoak, baita elikadura-portaeraren nahasmenduari eta nortasun-mugari arreta emateko programak ere, besteak beste.