Osakidetzako pediatriako taldeetako arduradunek laguntza medikoa eman diete astelehenean senideekin batera Gazatik iritsitako bost adingabeei, eta, lehen balorazioen ondoren, bostak egoera kliniko egonkorrean daudela jakinarazi dute.

Euskal osasun zerbitzu publikoa Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean artatzen ari da adingabeetako bi, beste bi Donostia Unibertsitate Ospitalean, eta bat Basurtuko Unibertsitate Ospitalean.

Bost hilabete eta bederatzi urte bitarteko haurrak dira eta patologia ezberdinak dituzte, besteak beste, traumatismoak, sortzetiko kardiopatiak, arazo gastrointestinalak eta gaixotasun hematologikoak. Datozen egunetan proba gehiago egingo zaizkie tratamendua zehazteko.

Bost hilabete eta bederatzi urte bitarteko haurrak dira eta patologia ezberdinak dituzte, besteak beste, traumatismoak, sortzetiko kardiopatiak, arazo gastrointestinalak eta gaixotasun hematologikoak

Cristina Calvo Donostialdea ESIko Pediatriako Kudeaketa Klinikoko unitateburuak eta Unai Hernandez Dorronsoro ESI horretako ospitalizazioko pediatrak azaldu dutenez, Donostian artatzen ari diren pazienteak astelehenean iritsi ziren erietxera. "3 eta 9 urteko bi anai-arreba dira, eta Madrilera iritsi zirenean Donostiara lekualdatu zituzten anbulantzian, dituzten zauriengatik artatu eta ospitaleratzeko", zehaztu dute.

Era berean, jakinarazi dute beste hiru paziente Bizkaian artatzen ari direla; horietako batek sortzetiko kardiopatia du eta Gurutzetan ingresatuta dago, eta beste biak ez dira ospitaleratu behar izan, eta Gurutzetako eta Basurtuko pediatriako taldeak baloratzen ari dira astearte honetan.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bi paziente hartu ditu

Osakidetzako pediatriako profesionalek Donostialdeko ESIan eskainitako adierazpenetan azaldu dutenez, Donostian artatutako pazienteek bonbardaketa baten bigarren mailako lesio traumatikoak dituzte, larrialdiko ebakuntza egin diete Gazan, eta lesioen eta horien ondorioen tratamenduarekin jarraitzeko bertaratzen dira.

Hasiera batean, astelehenean pediatriako larrialdietan sartzeko proba osagarriak egin ziren dituzten lesioak ondo aztertzeko, eta behar duten tratamenduarekin jarraitu da. Diziplina anitzeko balorazioa jaso dute, eta jarraipena eta tratamendua egiten jarraituko da pediatriako espezialitate ugaritan, haurren ortopediako eta errehabilitazioko taldean eta haur eta gazteen psikiatriako taldean.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bi paziente hartu ditu. Horietako bat kardiopatia bat duen haurtxo bat da, egonkor dago eta behin betiko azterketa eta erabaki kirurgikoa berresteko zain dago; bigarrena 4 urteko neska bat da, azterketa eta jarraipen anbulatorioan egingo diote gibeleko arazoak baztertzeko eta proba osagarrien emaitzen zain dago.